ERAMAN EUSKARA PRAKTIKARA kanpaina abiatu du AEKren Praktikatu Zerbitzuak

AEKren Praktikatu Zerbitzuak “Eraman euskara praktikara” kanpaina jarri du martxan, euskaraz hitz egiteko trebetasuna irabazi nahi duten herritarrak animatzeko. Egitasmoaren bidez talde txikiak osatzen dira, parte-hartzaileek giro lasaian, akatsak egiteko beldurrik gabe eta bakoitzak bere erritmoan euskara praktikatu ahal izan dezan.

Mintzalagun-taldeak irailaren amaieran eta urriaren hasieran hasi dira elkartzen, eta askotariko jarduerak egiten dituzte: kafea hartu, paseatu, tokian tokiko euskalkian aritu, mendira joan edota solasean aritu. Horrez gain, familientzako asteburu-pasak ere antolatzen dituzte Tertangan, Bizkaiko Urtxintxa Eskolaren eskutik. Azaroan online taldeak hasiko dira, eta udako taldeak ekainaren amaieratik irailera bitartean elkartuko dira.

Programetako dinamizatzaileek bestelako jarduera irekiak ere antolatzen dituzte aisialdian euskaraz gozatzeko, hala nola mintzodromoak, sukaldaritza-tailerrak, museoetako bisita gidatuak eta hitzaldiak. Praktikatu egitasmoa 105 udalerritan dago martxan, eta Urola Kostan Zumaian, Getarian, Zarautzen eta Orion daude taldeak. 

 

Izen-ematea

Parte hartu nahi dutenek gutxienez 16 urte izan behar dituzte eta, euskara-ikasleak badira, B1 maila edo handiagoa izan. Izen-ematea emanizena.praktikatu.eus webgunean egin daiteke, eta egitasmoa doakoa da. 

Informazio gehiago nahi izanez gero, praktikatu@aek.eus helbidera idatz daiteke edo Praktikatu Zerbitzuaren webgunea eta sare sozialak kontsultatu.