«Esperientzia polita izan da, eta egindako harremanak hor geratuko dira»

Mertxe eta Juanjo Curiel anai-arrebek eta haien ama Antonita Olidenek 11 urtez kudeatu dute Orioko Zaharren Babeslekua. Joan zen igandean, urriak 31, agurtu zituzten bezeroak, taberna zabaltzeko antolatu zuten luncha errepikatuta, eta malko artean jaso zituzten bertaratutakoen esker oneko hitzak.

«Lunchak iraun zuen bitartean ondo aguantatu genuen, baina agurtzeko momentua iritsi zenean, orduan egin genuen eztanda», aitortu du Juanjok. Urte hauetan guztietan zerbitzari-lana baino askoz gehiago egin dute hirurek.

Hain zuzen, tabernaren izaera errotik aldatu dute. Adinekoei zuzendutako ostatua herritar guztien topaleku bihurtu dute, eta erreferentziazko taberna da egun Orion. Eguneko menua eskaintzen hasteak eta itxiera-ordua luzatzeak eragin handia izan dute horretan, baita janaria etxera eramateko zerbitzu berriak ere. Plazako lanen eta Covid19-aren pandemia tarteko, azken urteak gogorrak izan dira, eta, hala ere, etxean bezala sentiarazi dituzte bezeroak, haietako askoren zaintza- eta psikologo-lanak beren gain hartuta.

«Ilusio handiarekin hasi ginen anaia, ama eta hirurok. Hori zen hasierako plana. Baina jende asko etortzen zela ikusita, langile gehiago kontratatu behar izan genituen», gogoratu du Mertxek. «Gogorra izan da, jubilatuei tratu berezia eman behar zaielako». Juanjoren hitzetan, pazientzia da gakoa: «Jende asko bakarrik dago, eta haiekin eseri eta hitz egin behar duzu. Haien penak entzun… Lan asko egin dugu, eta oso harro gaude. Ordu asko sartu ditugu, eta iritsi da familiaz gozatzeko momentua», gaineratu du.

Izan ere, etxekoak bigarren mailan utzi behar izan dituzte lanean buru-belarri aritzeko. «Orain beste etapa bat hasiko da, eta lasaitasun pixka bat ondo etorriko zaigu», dio Mertxek. Bidelagun izan dituen amari eta anaiari eskerrak eman dizkie, baita bezeroei ere: «Esperientzia polita izan da, eta egindako harremanak hor geratuko dira».

Itxita, abendura arte

Zaharren Babeslekua itxita egongo da datozen asteetan, kudeatzaile berria aukeratzen eta lokalari konponketa txikiak egiten dizkioten bitartean, eta, dena ondo bidean, abenduarekin batera zabalduko ditu berriro ateak. Zorte ona opa diote lantalde berriari; «pazientzia handiarekin hartzeko» eta, momentu zailen gainetik, onekin geratzeko gomendatu diete.

Hasieran kosta egingo zaien arren («Oroitzapen asko dira!», dio Juanjok), barraren beste aldera gerturatzeko moduan izango direla uste dute.

Herritarren esker oneko hitzak eta opariak jaso dituzte azken egunetan, eta Udalak ere egindako lan paregabea aitortu die.

Bihotzez, mila esker hamarkada oso batez emandako guztiagatik.