Euskaltegian izena emateko epea zabalik da irailaren 23ra arte

 

Orioko euskaltegian 2022-2023 ikasturtean  izena emateko epea zabalik da irailaren 23ra arte. Urtero bezala, talde txikiak egingo dituzte, eta ikasleen maila eta behar ezberdinei erantzuteko eskolak eskainiko dituzte.

Hiru bide daude euskaltegian izena emateko:

  • Euskaltegira bertara jotzea, Bikamiotako errotondaren ondoan (KTA eraikina).
    • Astelehen eta asteazkenetan, 17:00-20:00.
    • Astearte eta ostegunetan, 8:30-13:30.
  • Posta elektronikoz,orio@aek.eushelbidera idatzita.
  • Telefonoz deituta, 670 420 025 zenbakira (Amaia Olazabal).

Autoikaskuntza

Euskaltegian aukera izango da talde presentzialetan izena emateko, maila guztietan, baina, baita ere, autoikaskuntzaz baliatzeko.

Autoikaskuntzan lana bakarka egiten du ikasleak, tutore batek gidatuta, etxean edo euskaltegian bertan (astean 4 orduz, gutxienez). Ondoren, astean behingo bilerak egiten ditu tutorearekin, lanak zuzentzeko, zalantzak argitzeko, zailtasunak bideratzeko eta ahozko euskara lantzeko; eta, astean behin mintza-saioa ere egiten du, beste ikasle batzuekin batera.

Autoikaskuntzak ikasketa pertsonalizatzeko aukera ematen du, ikasle bakoitzaren behar eta erritmoetara egokituz.

Bestelako eskaintzak

Autoikaskuntzaz gain, euskaltegiak eskaintza zabala izango du:

  • 0 mailako ikastaroak
  • Euskalduntzeko maila guztiak
  • Azterketak prestatzeko ikastaroak (B1, B2, C1 EGA)
  • Alfabetatze ikastaroak
  • EGA prestatzeko ikastaroa, astean bi egunekoa
  • C2 maila prestatzeko ikastaroa
  • Mintzalagun taldeak

Talde presentzialetan astean 8 ordu ematen dira, bina ordu astelehenetik ostegunera. Izena ematen duen jendearen arabera antolatuko dira taldeak.

100 euroko matrikula

Orioko Udalaren nahia da oriotarrek moduz ikasi ahal izatea euskara eta, beraz, ikastaroen prezioa oso merkea da Orion erroldatuta daudenentzat: 100 euro, edozein ikastaro.

Udalarekin zorrak dituzten herritarrek ezin izango dituzte ikastaroak prezio horretan egin, eta matrikularen kostu osoa ordaindu beharko dute.

Udalak eta AEK-k kontratua sinatu dute beste hiru urterako

Orioko Udalak eta AEK-k euskaltegi-zerbitzua emateko kontratua sinatu dute beste hiru urterako (bi gehiago luzatzeko aukerarekin) eta, beraz, aurreko ikasturteetan bezala, Urola Kostako AEK izango da Orioko euskaltegiaz arduratuko dena datozen urteotan.

Udalak lehiaketa publikoa egin du, zerbitzu hori nork emango duen erabakitzeko, eta AEK-k irabazi du lehiaketa..

Udalak, beraz, kontratu bat sinatu zuen AEKrekin uztailean, zerbitzu hori emateko. Kontratuak hiru urteko iraunaldia izango du hasieran; baina beste bi urtez luzatu ahal izango da, urtez urte. Udalak, gehienez ere, 44.640 euro ordainduko dizkio AEKri ikasturtero, zerbitzua emateagatik.