Gaur piztuko dira Gabonetako argiak

 

Gabonen atarian, gaur iluntzean, abenduaren 20an, piztuko dira herrigunea apainduko duten argiak. Aurreko urteetako argiez gain, berriak ere instalatu dira, eta herriko eremu gehiagotara zabaldu dira.

Azken urteetako irizpideei jarraituz, Udalak hiru alderdi nagusi izan ditu kontuan:

  • Alde batetik, Gabonetako argiak erostearen alde egin du berriz. Aurreko urteetan herriaren izaerari lotutako apaingarriak egin ziren, eta aurtengoak, ostera, Gabonetako irudi klasikoagoak dira: izarrak, eta abar. Nolanahi ere, Udalak erositakoak dira guztiak.
  • Bestetik, argiak pizteko eguna ahal beste atzeratzea erabaki du Udalak, bizi dugun energia-krisiari lotuta, kontsumo arduratsua sustatzeko.
  • Azkenik, Udalak erosi dituen argi guztiak LED motakoak dira, kontsumo txikikoak.

Hauek dira Arkupe merkatarien eta ostalarien elkartearekin elkarlanean argituko diren lekuak: Arrantzale eta Eusko Gudarien kaleak, arrantzaleen baporeak, plazako kioskoa, Mutiozabal ontziola, Kale Nagusia… Eta aurten aurreneko aldiz, Anibarko Portua eta Goiko kalea. Gainera, balea handi bat jarri da herrigunerako sarreran.