Jolasetik abiatuta, LH5 eta LH6 mailetako haurrei zuzendutako filosofia-saioak antolatu dituzte Jakinmin elkarteak eta Txurrumuski aisialdi-taldeak, Udalaren laguntzarekin. Ordu eta erdiko saioak izango dira eta, arrakasta badu, hilean behin antolatzeko asmoa dute. Lehen saioa, hain zuzen, martxoaren 15ean izango da, larunbatarekin, 17:00etan hasita, Gaztelekun.
Saioa Jakinmin praktika filosofikoen elkarteko kide batek bideratuko du, eta doan izango da.
Antolatzaileek aditzera eman dutenez, «Haurrek, txiki-txikitatik, galderak egiten dizkiete helduei eta beren buruari hainbat gai liluragarriren inguruan. Normalean, ez dute bidea bukatutzat ematen jasotako lehen erantzunarekin, eta denbora luzez ibiltzen dituzte galdera horiek bueltaka. Jaiotzez dira filosofo». Egunerokoan ez da erraza izaten filosofatzeko tarteak bilatzea, eta horregatik antolatu dituzte saio hauek.
Martxoaren 15eko lehen topaketan izena emateko galdetegi bat jarri dute martxan. Apuntatzeko azken eguna martxoaren 14a izango da.