Larunbatean izango da martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna eta, urtero bezala, Udalak bat egin du mugimendu feministaren deialdiarekin eta herritarrei dei egiten die mobilizazioetan parte hartzeko.
Orioko mugimendu feministak Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak aldarrikatuko ditu martxoaren 8an. Izan ere, feminismoa indarra hartzen eta instituzionalizatzen joan den heinean, kontrako erreakzioak gero eta agerikoagoak dira, eta horren aurkako aldarria da aurtengo leloa.
Orioko mugimendu feministak manifestazioa antolatu du larunbatean, martxoak 8, 12:00etan Herriko Plazatik abiatuta eta, jarraian, 14:00etan, bazkari autogestionatua egingo da plazan bertan (euria ari badu, Saregilen izango da).
Ostiral goizean, elkarretaratzea, ikastetxeek eta Udalak deituta
Bezperan, ostiralarekin, egun horri lotutako aldarrikapena egingo dute bi ikastetxeetako komunitateek. Udalak ere bat egin du haien deialdiarekin, eta herritarrei zabaltzen die ekitaldian parte hartzeko gonbita.
Orioko Udalak, bi ikastetxeek eta haur eta gazteekin lan egiten duten herriko eragileek osatzen duten Hezkidetza Mahaia ere jabetuta dago feminismoaren aurkako mezu eta jarrerak zabaltzen ari direla eta, horren aurrean, martxoaren 8ko aldarrikapena indartu nahi du.
Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean, herriko mugimendu feministak deitutako elkarretaratzearekin bat egitea lehenetsi zuen Hezkidetza Mahaiak, eta ikastetxeek ez zuten goizean elkarretaratzerik antolatu. Orain, aldiz, Udalari funtsezkoa iruditu zaio aldarrikapena hezkuntzaren testuingurutik ere egitea eta ikastetxeekin elkarlanean antolatu du ekitaldia, martxoaren 7an, ostiralarekin.
Bi ikastetxeetako ikasleak Bikamiotan elkartuko dira 11:30ean, eta handik Herriko Plazara joango dira, denak elkarrekin. Plazan ekitaldi labur bat egingo dute, DBHko ikasleek bideratuko dutena. Udalak ere bat egingo du ikasle, irakasle eta gurasoekin.
Martxoko egitaraua
Horrez gain, martxoan zehar beste hiru hitzordu antolatu dituzte Orioko mugimendu feministak, Emakumeen Mahaiak eta Saregilek elkarlanean:
- Martxoak 12, asteazkena: Zahartzaro berriak tailerraren azken saioa, Yolanda Arrietarekin. 17:30ean Saregilen.
- Martxoak 21, ostirala: Emakumea* Surflari dokumentalaren emanaldia eta solasaldia egileekin. 18:30ean Saregilen.
- Martxoak 31, astelehena: Zaintzaren iruditeriak euskal literaturan mahai-ingurua Uxue Alberdi eta Iratxe Retolazarekin. 17:30ean Saregilen.
