Herriko berdeguneak naturalizatzeko proiektua abian du Udalak

 

Orioko Udala eta herriko lorategiak eta berdeguneak mantentzeaz arduratzen den Loraberri enpresa elkarlanean ari dira herriko berdeguneak naturalizatzeko prozesuan. Ohiko mantentze-lanetatik harago doan proiektua da, eta herriko eta inguruko ekosistema hobetzen laguntzen du, gune horietan bizi diren landare- eta animalia-espezieen ziklo biologikoak errespetatuta.

Loraberriko arduradunen laguntzarekin, herriko lau gune aukeratu dira naturalizazio-prozesua abian jartzeko:

  • Anibarko Portuko berdeguneak.
  • Abaromendin, eraikinen artean geratzen den belardia eta espaloian dauden lau palmeren txorkoak.
  • Txanka-Hondartzako bidegurutzean dagoen belardia.
  • Bikamiotako belardia.

Gune horietan belarra ohi baino gehiago hazten utziko da. Hau da, lehen 2 metroetako belarra makinarekin moztuko da, orain arte bezala. Eta hortik aurrera, belarrari gehiago hazten utziko zaio, pixkanaka, lore basatiak hazten joan daitezen eta tokiko intsektuentzat (hala nola, intsektu polinizatzaileentzat, deskonposatzaileentzat, mikroorganismoentzat…) bizitoki egokia izan dadin. Horrez gain, zuhaitzen inguruko txorkoetan ere loreak landatuko dira, lurra agerian utzi beharrean.

Landarediari hazten utziko zaion arren, berdeguneak gertutik zainduko dira. Eta haurren erabilerara edo kirolen praktikara bideratutako espazioak bere horretan utziko dira.

Errespetuz jokatzeko deia

Herriguneko berdeguneak naturalizatuta, bertako florari eta faunari bizileku egokia eskaintzen zaio, eta horrek espezien aniztasuna sustatzen du. Horretarako, garrantzitsua da gune horiek errespetatzea, eta Udalak horretarako deia egiten die herritarrei.