Herriko bi ikastetxeek eta Udalak elkarretaratzea deitu dute ostiralean

Orioko Zaragueta eskolako eta Herri Ikastolako haur eta gaztetxoek (LH1etik DBH4ra bitartekoek), irakasleek eta gurasoek elkarretaratzea egingo dute Herriko Plazan azaroaren 25eko goizean, indarkeria matxistaren aurka agertzeko eta tratu onak aldarrikatzeko. Ekitaldi hau modu bateratuan antolatu dute Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaiako udalek eta ikastetxeek, Zarauzko Berritzeguneak koordinatzen duen Hezkidetza Foroaren baitan. Orioko Ahalduntze Eskolak ere bat egin du ekimenarekin.

11:30ean egingo da elkarretaratzea. Herriko Plazan bilduko dira ikasle, irakasle eta gurasoak, eta han alkateak egingo die harrera, elkarretaratzearen arrazoiak gogora ekarriz. Ondoren, bi ikastetxeetako gazteek agiri bat irakurriko dute udaletxeko balkoitik, indarkeria matxistaren kontra agertzeko eta tratu onak aldarrikatzeko. Zaragueta eskolaren izenean, Itxaso Lopetegik eta Luis Casanovasek irakurriko dute agiria; eta, ikastolaren izenean, berriz, Beza Ijurkok eta Urko Bravok. Segidan, Aner Peritz bertsolari zarauztarrak prestatutako bertso-sorta kantatuko dute bertan bildutako guztiek, eta horrekin emango zaio bukaera ekitaldiari. Bai irakurriko den agiria eta bai Anerren bertsoak eskualde osoan erabiliko dira, Zumaiatik hasi eta Oriorainoko herrietan antolatu diren ekitaldietan.

Hamar ikasmailetako ikasle guztiek parte hartuko dute elkarretaratzean: guztira, 700 haur eta gaztetxo inguruk. Etorri nahi duten guraso eta herritarrak ere ongietorriak izango dira.

Parte-hartzaileei soinean zerbait morea jantzita eramatea eskatu diete antolatzaileek.

Tratu onen aldeko aldarria zabaldu

Ekimenaren helburu nagusia indarkeria matxistaren kontrako eta tratu onen aldeko mezua zabaltzea da. Indarkeria matxistak forma asko hartzen ditu eta gure gizarteak duen arazo larrienetako bat da. Ezinbestekoa da gaiari buruzko gogoeta egitea kalean, etxean eta ikastetxean, eta, horretarako, nahitaezkoa da gaia plazara ateratzea eta herritarrak arazoaz jabetzea. Ekitaldi hau elkarrekin antolatu duten talde eta erakundeek horretan lagundu nahi dute.

Gaia eskoletan landu

Egun bakarreko ekimena izan ez dadin, Orioko ikastetxeetako haurrek gaia landu dute gelan egun hauetan, maila bakoitzari dagokion eran. Horrez gain, gaiari buruzko kartelak prestatu dituzte eta herriko establezimenduetan banatu dituzte egun hauetan, jendearen bistan jartzeko.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie ikastetxeei, gai garrantzizko hau elkarrekin lantzeko egiten duten esfortzuagatik eta erakusten duten inplikazioagatik.