Herriko haur eta gaztetxoek aldarri morea egin dute azaroaren 25ean

 

Orioko Zaragueta eskolako eta Herri Ikastolako ikasleek, irakasleek eta gurasoek elkarretaratzea egin dute goizean Herriko Plazan, indarkeria matxistaren aurka agertzeko eta tratu onak aldarrikatzeko. Haiekin izan dira Udaleko ordezkariak eta Ahalduntze Eskolako arduradunak.

Morez jantzitako marea gazteak bete du goizean Herriko Plaza. «Zapi moreekin ikusten zaituztet, eta Orion halakoak behar ditugu. Izan ere, herrian egindako azterketak erakusten du oraindik lan asko dugula egiteko gai honen inguruan, eta horretarako sortu genuen Ahalduntze Eskola», azaldu du Anuska Esnal Orioko alkateak. 

Hain zuzen, Ahalduntze Eskolako ordezkari Eider Goiburu, Aizpea Esnaola eta Miriam Garcia hunkituta azaldu dira: «Gure gizarteak matxista izaten jarraitzen du, baina, era berean, aldatzeko jarrera, gogoa eta beharra badaudela ikusten dugu», nabarmendu dute. Hezkuntzaren alorrean hezkidetza lantzeak duen garrantzia azpimarratu dute, eta guztion artean, «denontzako herri bat» eraikitzea lortuko dugula gaineratu.

Jarraian, bi ikastetxeetako gazteek agiri bat irakurri dute udaletxeko balkoitik, indarkeria matxistaren kontra agertzeko eta tratu onak aldarrikatzeko. Zaragueta eskolaren izenean, Itxaso Lopetegik eta Luis Casanovasek irakurri dute agiria; eta, ikastolaren izenean, berriz, Beza Ijurkok eta Urko Bravok. Segidan, Aner Peritz bertsolari zarauztarrak prestatutako bertso-sorta kantatu dute bertan bildutako guztiek.

«Betaurreko moreekin bizi behar dugu» gogoraraziz itxi du topaketa Esnalek.