Herriko hitzak eta esamoldeak biltzeko eta zabaltzeko beka-deialdia egin du Udalak

Orioko Udalak herriko hitzak eta esamoldeak bildu, jaso eta hedatu nahi ditu, belaunaldi berriek horien berri jakitea eta normaltasunez erabiltzea bultzatzeko. Lan hori egiteko prest dauden gazteei zuzenduta, beka-deialdia zabaldu du Udalak. Taldean ala bakarka aurkezteko aukera egongo da, eta aukeratzen den pertsonak edo taldeak 3.000 euro jasoko ditu, sei hilabeteko epean lan hori egiteko.

Orioko hitzak eta esamoldeak bildu eta jasotzea izango da bekadunaren egitekoa, eskura dauden iturriak hustuz, eta, ondoren, bilduma hori ondo antolatutako euskarri digitalean entregatu beharko dio Udalari. Zabaltzeko modukoak diren hitz eta esamoldeak aukeratzeko, alderdi hauek hartu beharko ditu kontuan: hitzaren edo esamoldearen indar espresiboa, gazte-hizkerarako izan dezakeen erabilera, zabal hedatzeko modukoa izatea… Beka jasotzen duenak, bestalde, aukeratutako ale horien zabalpenerako euskarriak diseinatu eta sortu beharko ditu, eta horien hedapenean lagundu. Eta amaitutakoan, egindako lanari buruzko memoria aurkeztuko dio Udalari.

Deialdia zabalik

Eskatzaileak pertsona fisikoak izango dira, eta 18-35 urte bitartean izan behar dituzte deialdian parte hartzeko. Ez dute nahitaez Orion erroldatuta egon behar, baina hori baloratu egingo da. Bakarka zein taldeka aurkezteko aukera dago, baina taldeka aurkeztuz gero, taldekide bat izendatu behar da lanaren arduradun eta gainerako taldekideek ere bete behar dute adinaren baldintza. Pertsona edo talde bakoitzak proiektu bakarra aurkez dezake.

Deialdira aurkezteko epea azaroaren 6ra arte egongo da zabalik, hau da, deialdi hau aurkezten den unetik hilabeteko epea egongo da dokumentazioa aurkezteko. Hauek dira aurkeztu beharreko dokumentuak:

  • Beka eskatzeko orria, Udalaren eskaera-orri ofizialaren arabera.
  • Eskatzailearen curriculuma, behar bezala beteta, baloratu litezkeen datu guztiak jasotzen dituena.
  • Taldeka aurkeztuz gero, taldekide guztien curriculuma aurkeztu behar da.
  • Beka-deialdira aurkezten den proposamenaren zer-nolakoak azaltzen dituen txosten ahalik eta zehatzena (gehienez, 10 orrialdekoa).

Epaimahaiak alderdi hauek izango ditu kontuan, beka nori eman erabakitzeko:

  • Proiektuaren kalitatea eta interesa (bilketa-lanerako iturriak, erabiliko diren baliabideak, lan-metodologia, zehaztasun-maila, aurkezpenaren txukuntasuna…). Gehienez, 50 puntu.
  • Proiektua bideratuko duen lantaldearen prestakuntza eta curriculuma. Gehienez, 25 puntu.
  • Proiektua bideratuko duen lantaldearen kideak Oriokoak izatea edo Orion erroldatuta egotea. Gehienez, 15 puntu.
  • Proiektuak genero-berdintasunaren ikuspuntua kontuan izatea. Gehienez, 10 puntu.

Hemen daude ikusgai deialdiaren oinarriak, eta zalantzarik izanez gero, jarri harremanetan Orioko Udaleko euskara-teknikari Jabier Zabaletarekin.