Hondartzako eremuan komun autogarbitzaile bat jarriko du Udalak

Orioko hondartzan, ahateen gunearen ondoan, komun autogarbitzaile bat jartzeko lanak adjudikatu ditu aste honetan Udalak. Servicios Públicos Ibéricos enpresa arduratuko da obraz, eta aurreikuspenen arabera, maiatzaren bukaeran egongo da komuna erabilgarri. Muntoko parkearen ondoan dagoenaren tankerakoa izango da (irudikoa).

Herritarrengandik maiz jaso du Udalak hondartza inguruan komun autogarbitzaile bat jartzeko eskaera. Herriko aisialdiko gune garrantzitsuenetakoa da, hondartzaz gain, berdegune zabala eta haurrentzako parke handia baitaude han. Uda garaian, kabinak zabalik daudenean, hango komunak egoten dira erabilgarri, baina udazkenetik udaberrira, ez da zerbitzurik izaten inguruan. Horregatik, Udalarentzat garrantzitsua izan da hutsune horri erantzuna ematea.

Komuna instalatzeko lanek sei asteko iraupena izango dute, eta dena ondo bidean, udako denboraldia hasi aurretik egongo da komuna erabilgarri.

Jarraian dagoen irudiak komunaren kokaleku zehatza erakusten du. Horretarako, bidegorrian eta espaloian egokitzapen txiki batzuk egingo dira.