Hondartzako tabernak egokitzeko lanak egingo ditu Udalak datozen asteetan

 

Orioko Udalak egokitzapenak egingo ditu Antilla hondartzan kontzesioan dituen ostalaritzako hiru eraikinetan. Lehen fasean, teilatuak berrituko ditu eta plaka fotovoltaikoak jarri eta, aurrerago, behin udako denboraldia amaituta, beste lan batzuk egingo ditu: terrazetako lurra aldatu, komunen irisgarritasuna bermatu, sotoetako hezetasunak konpondu, aldagelak berritu…

Orioko Barra, Mola Mola eta Balea establezimenduetan lanak hasi ditu Udalak aste honetan. Lan horien bidez, eraikinen isolamendua hobetuko da eta autokontsumorako energia ekoitzi.  Aurreikuspenen arabera, eta eguraldiak laguntzen badu, obraren parte handiena ekainean egingo da.

Ondoren, irailetik aurrera, egingo dituzte bigarren faseko egokitzapenak, hau da, terrazetako lurra aldatzeari, komunen irisgarritasunari, hezetasunei eta aldagelei dagozkienak.

Lanak Unebide enpresak egingo ditu, eta 230.480 euroko kostua izango dute.