Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailak eta EMAUS Fundazioak Zu zeu zara poesia hondartzan birziklatzen duzunean kanpaina jarri dute martxan. Kanpainak hondakinen gaikako bilketan jartzen du fokua, eta plastikoek ozeanoetan duten eragina ikusarazi nahi du. Izan ere, hondakinak bereizteko aukera ematen duten zaborrontziak eskuragarri egon arren, oro har, hondartzako zaborra edukiontzi beltzean pilatzen da, nahastuta.
Uztailaren 3an abiatu zuten kanpaina Deban, eta abuztuaren bukaera arte, Gipuzkoako kostaldeko zortzi udalerrietatik igaroko da. Orioko Antilla hondartzan uztailaren 31tik abuztuaren 6ra jarriko dute informazio-gunea, hau da, hondartzetako aldagailu zaharrak imitatzen dituen marradun etxolaz osatutako postua. Modu arduratsuan eta jasangarrian jokatzeko gomendioak emango dizkiete herritarrei gune horretan.
Hau izango da programa:
Astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00ak arte, haurrentzako tailerrak emango dituzte, eta zaborra hondartzan uzteak eta ez bereizteak itsasoan dituen ondorioak landuko dituzte haiekin.
Larunbatean, aldiz, kaleko antzerkia izango da 17:00etatik aurrera, Indigo Produkzioak-en eskutik. Kutsaduraren eta herritarren inplikazio faltaren arteko lotura ikusaraziko dute, mezu itxaropentsua helaraziz.
Igandean, azkenik, Mater Museoak antolatutako Herritarren Zientzia saioa egingo da, helduei zuzenduta. Hondarretan dauden mikroplastikoen analisia egingo dute lehenik, eta itsasoan aurkitutako zaborraren inguruko hausnarketa ondoren, hondakinekin osatutako Zabor eta Bio erraldoien bidez. 17:00etatik 20:00ak arteko tartean izango da.
Informazio osagarria, hemen.