Zaragueta Herri Eskolako, Orio Herri Ikastolako eta Aginaga Herri Eskolako ikasleek Mutiozabal ontziolan eraikitako ala prest dago, eta haren botadura–ekitaldia egingo da maiatzaren 6an, Albaola Itsas Kultur Faktoriaren eskutik. Ekitaldia 17:00etan hasiko da, Mutiozabal plazan, eta Iruñeko Donibane Heziketa Zikloko arotzek egindako alarekin batera, bien arteko estropada txiki bat ere egingo da.
Ontziolaren proiektu berriak itsas ondarearen transmisioa du oinarri, eta horregatik, belaunaldien arteko erreleboa irudikatuko du botadura-ekitaldiak. Ontziolan lanean aritu zen azken langile Ramon Carrera Txanka-ren familia omenduko dute Albaolak eta Orioko Udalak. Izan ere, Ramon eta Francisco Carrera Txanka aita-semeek eraiki zuten ontziolan egindako azken ontzia, 1989an: zortzi metro luzeko eta bi zabaleko baleaontzia. Jarraian, ikasturtean zehar Mutiozabalen eraiki zuten ala uretaratzeko aukera izango dute gaztetxoek.
Iruñeko Donibane Heziketa Zikloko arotzek ere parte hartuko dute saioan, Mutiozabalen aurkitutako planoetan oinarrituta eraiki duten ala ekarriko baitute Oriora. Bi alen arteko estropada jokatuko da.
Horrez gain, Mutiozabal plazan karpa txiki bat jarriko da, eta mokadua eskainiko zaie bertaratuei. Ekitaldiaren ostean, herriko trikitilariek joko dute.
Hauxe da egun horretarako prestatutako programa:
17:00. Aurkezpena.
17:15-17:30. Alaren uretaratzea.
17:30: Estropadak
18:15. Mokadua.