Joseba Tapiaren emanaldia izango da urriaren 29an, herriko plazan

 

Trikitia molde berrietara egokitu duen musikari aitzindaria da Joseba Tapia. Xabier Berasaluze Leturiarekin batera euskal musika tradizionala irauli ondoren, kantagintzari emana da azken aldian, bakarka. Urriaren 29an, larunbatarekin, doako kontzertua eskainiko du Orion, herriko plazan.

Trikitia baserri girotik atera eta beste estilo batzuekin nahasteagatik da ezaguna lasartearra, eta bere musika tradizioaren eta modernitatearen arteko orekan ibili da beti. 1976tik ari da Leturia pandero-jotzailearekin bikote gisa, Tapia eta Leturia Band taldean lehenik eta Tapia eta Leturia laukotean gero (Jexux Aranbururekin eta Arkaitz Minerrekin). 1998an kaleratu zuen lehen diskoa (Apoaren edertasuna) eta, geroztik, hamaika lan etorri dira.

Aurten, gainera, Donostiako Udalak euskal musikarien ibilbidea omentzeko urtero ematen duen Adarra saria jaso du Tapiak.

Urriko azken asteburuan, Orion

Urriaren 29ko emanaldia 20:00etan hasiko da, eta musikariak sare sozialetan iragarri duenez, musika bandaz gain, gonbidatu bereziak ere izango dira taula gainean.