Jostailu, euskarazko liburu eta umeen arropen truke-azoka abenduaren 12an egingo da

Herrio natur taldeak eta bi ikastetxeek urteroko jostailuen eta euskarazko liburuen truke-azoka antolatuko dute abenduaren 12an, 10:30-14:00 artean, Herriko Plazan. Aurten gainera, Ireki begik eragilea batu da ekimenera eta umeen arropak ere bilduko dituzte. Euskara, elkartrukea eta berrerabilpena sustatzea dute helburu eta gehiegizko kontsumoaz ardura hartzea.

Jarraian duzue azokaren dinamikaren inguruko informazio zehatza:

Azoka eguna baino lehen materialen bilketa egingo da. Ikastetxeetan, azaroaren 27an; Zaraguetan 16:00etan eta Ikastolan 16:30etan. Abenduak 11 ostiralean, plazan izango dira etxetik ekarritakoak jasotzen, 17:00etatik 19:00etara. Eta azkenik, bildutako guztia abenduaren 12ko azokan ikusgai jarriko dute, 10:30etik 14:00etara Herriko Plazan.

Truke-sistema

Liburuen kasuan, liburuek euskarazkoak izan behar dute (haur, gazte zein helduen liburuak), egoera onean eta osorik egonik. Utzitako liburu bakoitzagatik berde koloreko txartela jasoko du herritarrak, azokan beste liburu batekin trukatzeko. Bildumak, kopurua edozein izanda ere, txartel bakar baten truke aldatuko dira.

Jostailuak ordea, hiru koloreren arabera sailkatuko dira: horia, urdina edo gorria. Gorri eta urdin sailkatutako lehen bi jostailuen truke kolore bereko bina txartel eskuratuko ditu herritarrak, eta gisa berean sailkatutako gainontzeko jostailuen truke, kolore txuriko txartelak. Hori koloreko jostailuen kasuan, ekarri adina txartel hori jasoko dira.

Truke egunean koloretako txartelak azokak irauten duen ordutegi osoan trukatu ahalko dira; txartel txuriak aitzitik 11:30tatik aurrera soilik trukatzeko aukera izango da. Honekin ekidin nahi da jostailuak ekarri dituen jendea ez gelditzea gustuko jostailurik gabe lehen orduan azokara azaldu ezin duelako.

Azokara hurbiltzen direnek egun horretan etxetik ekartzen dituzten jostailuak azokan jarritakoekin trukatu ahal izango dituzte.

Ekimen honetan parte hartu ahal izateko baldintza hauek bete beharko dira:

– Jostailuak osorik egon behar dute, egoera onean. Norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan. Egoera txarrean dagoen jostailurik ez da jasoko.

– Azoka egunean jostailuak trukatzeko 8 urtetik beherakoek arduradun batekin parte hartu beharko dute.

– Ez da hobesten indarkeria sustatzen duten jostailuak zein sexu bereizketa bultzatzen duten jostailuak ekartzea azokara.

Umeen arropen kasuan, 0-12 urteko umeen arropa jasoko da soilik (14 taila arte), eta egoera onean egon beharko dute. Bilketa egunetan etxetik ekarritako arropak sailkatu egingo dira lau kolore/mailetan banatuta:laranja (azpiko kamisetak, bainujantziak… arropa txikiak orokorrean), marroia (galtzak, kamisetak, jertseak…) larrosa (beroki zein oinetakoak) eta morea (mozorroak).

Behin azoka amaitutakoan inork eraman ez dituen materialak irabazi asmorik gabeko erakundeetara bideratuko dira.