Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak (GKEF) azken urteetan antolatu dituen txapelketa eta ekitaldietan egindako argazkiak biltzen ditu Kirolaz haratago erakusketak. Argazki gehienak Fernando Zamarbidek egin ditu, eta urtarrilaren 25etik otsailaren 9ra izango dira ikusgai Orioko kultur etxean. Irekiera egunean, gainera, aurkezpen-ekitaldia egingo da antolatzaileekin, 18:00etan.
GKEFak 2002. urtean ekin zion bere ibilbideari. Irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta helburu argi bat du: desgaitasuna duen edozein pertsonak kirola edo jarduera fisikoa egiteko eskubidea bermatua izatea Gipuzkoan. Horretarako, adin guztiei zuzendutako hainbat programa ditu (eskola-kirola, kirol-eskolak, errendimendua, sentsibilizazioa eta abar).
Orion, gainera, Orio Denontzat egitasmoa lantzen ari dira Udalarekin elkarlanean, herria irisgarriago egiteko helburuarekin. Kirolaz haratago erakusketa ekimen horren baitan kokatzen da.
Erakusketa Orion
Erakusketa urtarrilaren 25ean zabalduko da, eta egun horretan bertan irekiera-ekitaldia egingo da, 18:00etatik aurrera. Bertan izango dira GKEFko Amaia Elizondo eta Alicia Figueroa, baita herriko hainbat kirolari ere. Herritarrei zabaldutako saioa izango da.
Ibon Oregiren hitzaldia
Horrez gain, otsailaren 8an, asteazkenarekin, erakusketa ardatz duen hitzaldia emango dute, 17:30etik aurrera kultur etxean. Ibon Oregi kirolariak emango du hitzaldia eta bertan bere esperientzia kontatuko du: triatloiak egiten zituen Ibon Oregik, Getaria eta Zumaia artean entrenatzen ari zela auto batek harrapatu eta hanka galdu zuen arte. Geroztik, superazio-istorio ederra osatu du eta, gaur egun, surfa praktikatzen du.