Larunbat honetan jokatuko da Gipuzkoako Arraun-surf Txapelketa Nagusia

 

Gipuzkoako Surf Federazioak eta FederArte Surfing Kulturak antolatuta, arraun-surf txapelketa nagusia jokatuko da azaroaren 5ean Orion, larunbatarekin. Arraun-surfeko kategoria guztiak bilduko ditu eta, probaz gain, musika, azoka eta skate-surfa ere izango dira.

Arraun-surfaren inguruan antolatutako jaialdien zirkuituak hiru hitzordu izan ditu azken urteotan: Hondarribikoa (ekainean), Debakoa (irailean) eta Oriokoa (urrian). Pandemiak eragindako etenaldiaren ondoren, aurten, Zarauzko txapelketa batu zaio programari urrian, eta horregatik, Orioko zita azaroaren 5era atzeratu da. Horrela, denboraldiari amaiera emango dio larunbateko saioak.

Programa

Arraun-surf txapelketan kategoria guztietako kirolariek hartu ahal izango dute parte, gaztetxoenak eta egokitutako arraun-surfa barne. Proba goizeko 11:00etan hasiko da, Arraunetxen, eta parte-hartzaileak errioan behera jaitsiko dira. Horrenbestez, erakustaldiaz gozatzeko aukera izango da plaza ingurutik, eta herrian giro ederra sortuko da.

Gainera, egunean zehar hainbat jarduera izango dira herrian. Alde batetik, Herriko Plazan hasi eta Errusta pareraino, FederArte Market azoka jarriko dute. Arkupe elkartearen babesarekin antolatutako ekimena da, eta hamar bat postu izango ditu. Bestetik, herri-bazkaria egingo da eguerdian Herriko Plazan. Eta arratsaldean, 17:00etan egingo den sari-banaketaren ondoren, emakumeen skate-surf jarduera gidatuko du Miren Zalduak Herriko Plazan, 18:00etan.

Azkenik, 19:00etatik aurrera, kontzertuak izango dira: Ope Loeb, Koldo Intermusic eta Anartz DJ musikarien eskutik.