Orioko Udalak reggae musikari eskainitako jaialdia antolatu du, aurten hirugarrenez, zenbait eragileren laguntzarekin. Uztailaren 27an iragarrita zegoen, baina, azkenean, egun bat aurreratu da eta ostiralean egingo da, hilaren 26an. Festibala hondartza inguruan egingo da eta, larunbatean euria iragarrita dagoenez, Udalak ostiralera aurreratzea erabaki du, gainontzeko eragileekin hala adostuta. Talde hauek joko dute 17:00etatik aurrera Antilla hondartzaren berdegunean jarritako oholtzan: Ines Pardo, King Konsul, Hereje Fighters, Lua Matheus, Revolutionary Brothers eta Asimov (DJ Uve).
2022an sortu zen ekimena, Revolutionary Brothers bikote donostiarrak Orion eman behar zuen kontzertura beste zenbait talde batu zirenean. Reggae estiloko musikarien emanaldiek oso harrera ona izan zuten, eta iaz formatua errepikatzea erabaki zuten Udalak eta antolatzaileek.
Aurten ere, hirugarrenez, 17:00etatik 22:00ak arte egingo dute festibala, eta reggae estiloko bakarlari eta taldeen doinuak entzungo dira Antillan.