Larunbatean egingo dute Oriaren 32. Traineru Jaitsiera

Argazkia: Orio GUKA

Oriaren Traineru Jaitsieraren aurtengo ekitaldia martxoaren 7an egingo dute, larunbatarekin, Orioko Arraun Elkarteak antolatuta. 79 ontzik eman dute izena, eta 1.100 arraunlari inguru hurbilduko dira zitara. 16:30ean hasiko da proba, errioan gora, eta, ohi bezala, Orioko zubiaren parean izango dute helmuga. Aurten, gainera, Arraun Eskola Inklusiboko bi taldek ere hartuko dute parte.

Oriaren Traineru Jaitsiera 1995ean antolatu zuen aurrenekoz Arraun Elkarteak. Traineru-denboraldia ekainetik irailera luzatzen denez, neguko entrenamendu garaiari argi pixka bat eman nahi izan zion eta, urteak aurrera, neguko zita garrantzitsuenetakoa bilakatu da inguruko traineruentzat.

Bi ibilbide, hiru bandera

Gaur, martxoaren 5ean, egin dute ekimena aurkezteko agerraldia, Arraunetxen. Ohi bezala, bi ibilbide prestatu dituzte: 4.000 metrokoa, Sarikolatik irtengo dena, arraun inklusiboa, Llagut-Llaut, misto, jubenil, beterano eta emakumezkoen senior kategorientzat. Eta 6.000 metrokoa, Aginagako Mapiletik irtengo dena, senior mailako gizonezkoen traineruentzat. 16:30ean dute hitzordua, eta hiru bandera izango dira jokoan, emakumeena, gizonena eta beteranoena.

Horiez gain, beste hiru kategoriatako parte-hartzaileak ere izango dira: jubenilak, mistoak eta llagut. Ez dute banderarik izango jokoan, baina modalitate hauen sustapena egingo da. 

Guztira 78 ontzi ariko dira: arraun inklusiboaren kategorian 2, llagut-llagut kategorian 11, misto-jubenilen kategorian 1, beteranoen kategorian 3, emakumezkoen kategorian 12 eta gizonen kategorian 19. Eta horietatik 44 kanpotik etorritakoak izango dira: Gironatik, Bartzelonatik, Tarragonatik, Malagatik, Coruñatik, Pontevedratik eta Santandertik.

Ibai Ondo kaleko sarbidea, itxita

Ibai Ondo kalerako sarbidea itxita egongo da moilatik, 16:00etatik 19:00etara. Herritik ateratzeko, beraz, Txanka-Hondartzako bidea erabili beharko da ordu horietan.