Marea bizian nabigatzen dakien herria

Denbora igaro ahala, dena aldatzen da: pertsonak aldatzen gara, herria aldatzen doa, eta honenbestez, Udala bera ere mudatzen joaten da. Herritarrongana iristeko, zuekin komunikatzeko eta harremana sendotzeko tresna berri baten beharra sentitu dugu Orioko Udalean, eta hauxe da gure marka berria, errioak zizelkatutako nortasunaren isla.

Hori baita Orio: marea bizian nabigatzen dakien herria.

 

Errioaren magalean sortua, mareen altzoan haziz joan den herria da Orio. Zauriak hondotik, eta ez azaletik, ulertzen eta sendatzen jakin duena. Beharrak hondotik, eta ez azaletik, aztertzen eta haiei erantzuten jakin duena.

Mareagoren eta mareabeheren baitan ezagutzen ditugu herriaren bi argazkiak. Bi paisaiak. Argiak eta itzalak. Eta hortik abiatu gara marka garatzeko orduan. Mareagoren eta mareabeheren baitan ezagutzen baititugu herriaren bi argazkiak. Bi paisaiak. Argiak eta itzalak.

Koloreen erabilerari dagokionez, hori koloretik haratago joan nahi izan dugu, herriaren aniztasuna maila guztietan irudikatuz. Guztion artean osatzen baitugu Orio, eta gutako bakoitza ale garrantzitsua da osotasun horretan.

Herria erdigunean kokatuz, erronka berriei aurrez aurre begiratu nahi diegu, baita erantzun ere. Garen horretatik hitz egiteko eta erabakiak hartzeko aske.

Hau izango da aurrerantzean Orioko Udalaren irudi korporatibo berria, TheNiu komunikazio-agentziak garatutakoa. Armarria ere erabiltzen jarraituko dugu, jakina, dokumentu ofizialetan.