Urola Kostako Mintzalagun programari amaiera emango dion ekitaldia Orion egingo da aurten, ekainaren 13an, ostegunarekin. Apaxi ipuin-kontalari zarauztarrak helduentzako bakarrizketa emango du Salatxo aretoan 18:30etik aurrera. Jarraian, luntxa izango da bertaratzen direnentzat. Urola Kostako Udal Elkarteak Mintzalagun programan parte hartzen dutenentzat antolatutako ekitaldia da, berez, baina irekia da azaldu nahi duten guztientzat.
Urola Kostako Udal Elkarteak 2009an ekin zion Mintzalagun Programa antolatzeari, eskualdeko udalekin elkarlanean. Urola Kostako AEK arduratzen da programa dinamizatzeaz, eta urteak aurrera, oso bilakaera positiboa izan du: gaur egun, guztira, 27 mintzalagun-talde daude aktibo eskualde osoan, eta 100 lagun inguru dabiltza talde horietan. Orioren kasuan, 5 mintzalagun-talde izan dira martxan aurten.