Moilan, Bizkarreneko etxearen parean, oinezkoentzako pasarela bat jarriko du Udalak

Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak joan den astean jakinarazi zion Udalari lan hori egiteko behar zuen kontzesioa ematen diola eta, beraz, Udalak berehala jarri du martxan lizitazioa, lanak adjudikatzeko. Oinezkoen pasarela moilari itsatsita joango da, hegalkin modura, eta, horri esker, herritarrek moilako ibilbide osoa egin ahal izango dute oinez, trabarik gabe.

Udalaren asmoa da adjudikazioa Aste Santu aurretik egitea, gero lanak berehala abiatu ahal izateko.

Obraren ibilbide bihurria

Udalak Herriko Plaza oinezkoen eremu bihurtzeko lanak egin zituen 2019an eta, hasiera batean, moila zabaltzeko proposamena egin zuen Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak, behin plazako lanak bukatutakoan. Moila zabaltzeko proiektua egina zuen Zuzendaritzak, baina, azkenean, atzera egin zuen, obrak arriskua sortzen zuelako Bizkarreneko etxearen egoera dela eta. Behin hasierako planteamendu hura baztertuta, Udalak eskatu zion Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari moilako zati hori prestatzea pasarela bat egiteko.

Pasarela hori moilari itsatsita joango litzateke, hegalkin moduan, eta, horren bidez, oinezkoen ibilbide segurua bermatuko litzateke. Zuzendaritzak ontzat eman zuen Udalaren proposamena eta moila indartzeko lanak egin zituen 2022ko urritik abendura bitartean, ingurua prest uzteko pasarelarako. Horrez gain, Udalak, moila inguruan edozein esku-hartze egiteko, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak emandako kontzesioa behar du, eta, aspaldian eskatu bazuen ere, joan den astean jaso du.

Behin kontzesioa jasota, Udalak berehala jarri du martxan obra adjudikatzeko lizitazioa. Obra adjudikatzen denean, bi edo hiru hilabeteko epean egingo da eta, beraz, Udalaren asmoa da uztailaren hasierarako bukatuta egotea.

Pasarelaren proiektuaren kostua 120.000 euro ingurukoa izango da.