Ondarroatik abiatutako Itsas Erronka Feministak geldialdia egingo du Orion larunbatean

 

45 urtetik gorako 34 emakume Ondarroatik Donostiara joango dira traineruan datorren larunbatean, uztailak 6, eta hurrengo egunean itzuliko dira. Itsas Erronka Feminista deitu diote ekimenari, eta larunbateko etapan, geldialdia egingo dute Orion, bazkaltzeko. Orioko Udalak eta Saregile Orioko Emakumeon* Etxeak ondarroarrei harrera egiteko deialdia egin die herritarrei: 13:00ak aurretik errioaren ertzean eta, ondoren, Herriko Plazan.

Orioko 30 emakumek Zergatik ez? erronka antolatu zuten 2018an, eta joan-etorria egin zuten Oriotik Bilbora, traineruan. Orain, aldiz, Ondarroan sortu da Itsas Erronka Feminista egiteko ekimena, eta handik abiatuko da itsas zeharkaldia, Donostiara.

Arraunlariek Orion bazkalduko dute, eta 13:00ak aldera iritsiko direla aurreikusi dute (itsasaldiaren arabera, baliteke atzeratzea). Haiei harrera egitera joango dira Zergatik ez? erronkan parte hartu zuten emakumeak, eta bi traineruak elkarrekin igoko dira errioan gora, Herriko Plazaraino. Orioko Atletismo taldeko eta Eragin eskubaloi-taldeko kideek ere lehorretik lagunduko diete, lasterka.

Orioko Udalak eta Saregilek herritarrak animatu nahi dituzte, moila ingurutik ala Herriko Plazan bestela, arraunlariei harrera egitera hurbildu daitezen.

Erronka, osorik

Orion bukatutakoan, Donostiarantz irtengo da trainerua, 20:00ak aldera iristeko. Igandean, berriz, 8:30ean irtengo dira Gipuzkoako hiriburutik eta Zumaian egingo dute bazkaltzeko geldialdia. 17:00etan Mutrikun izango dira, eta azkenik, 20:00etan iritsiko dira Ondarroara.