«Oporrak Bakean» programa harrera-familien bila dabil


Euskadiko saharar ordezkaritzak eta Euskal Fondoak Oporrak Bakean programa antolatzen dute urtero eta, programa horri esker, 8 urteko haur sahararrak Euskal Herrira etortzen dira udako hiletan. Aurtengo programari begira, haur horiek etxean hartuko dituzten familien bila ari dira, eta deialdia zabaldu dute.

Programak onura ugari ematen dizkie parte hartzen duten Saharako haur eta familiei. Besteak beste, haur sahararrek aukera izaten dute udan basamortuko baldintza gogorretatik aldentzeko, elikadura orekatua izateko, osasun-azterketak egiteko eta kultura eta hizkuntza berriak ezagutzeko. Euskal familientzat, berriz, Mendebaldeko Sahararen eta herri sahararraren egoera ezagutzeko baliagarria da esperientzia eta, gaztetxoen bidez, lehen harremana izaten dute hango hizkuntzarekin eta kulturarekin.

Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen alde lan egiten duen Darahli elkarteak eskualdeko familiak animatu nahi ditu programan parte hartzera. Iaz lau izan ziren Saharautz elkartearen bidez Getaria, Zarautz eta Oriora uda pasatzera etorritako haurrak, eta aurten harrera-familia gehiago lortzeko asmoa dute.

Informazioa

Harrera-familia izateko interesa duten edo programaren inguruko informazio nahi duten familiak Darahli elkartearekin jar daitezke harremanetan darahlizumaia@gmail.com helbidera idatzita edota 605 70 14 63 telefono-zenbakira deituta. Informazio osagarria, hemen.