Orioko Udaleko Euskara Batzordearen ekimenez, herriko kantak jasotzen dituen diskoa kaleratu zen 1995ean. CD formatuan kaleratu zen, aurrez kasetean eginda zegoen lana osatuz. Gaur egun zailtasunak daude, etxe askotan, CDak erabiltzeko, irakurgailu gero eta gutxiago dagoelako han eta hemen eta, horregatik, Udalak bere webgunean jarri ditu diskoko kantak herritarren eskura, MP3 formatu digitalean.
LOTURA HONETAN entzun eta deskargatu daitezke «Orio kantari» diskoko kantak.
«Orio kantari» diskoaren proiektua Udalak eta herriko taldeek bultzatutako «Euskaraz Gazte» kanpainaren barruan jaio zen. Euskara Zerbitzuak sustatu zuen eta Imanol Urkizu aritu zen koordinatzaile-lanetan. 24 kanta biltzen ditu diskoak: asko herriko kantu zaharrak dira eta beste batzuk, berriz, diskorako propio sortutako doinu berriak. Herritarrek grabatu zituzten kanta guztiak.