II. Mugiment Pausu Erronka kirol orientazio zerbitzua duten udalerriei zuzendutako ekimena da. Orion iazko udazkenean jarri zen martxan Abailan kirol orientabide zerbitzua, Karela kiroldegian, eta horregatik, aurten aurrenekoz hartuko du parte ekimenean. Egitasmoaren helburua herritarren artean jarrera aktiboa sustatzea da, eta horretarako, parte-hartzaileek egunean egiten duten pauso kopurua erregistratu beharko dute, aplikazio baten bidez. Maiatzaren 11tik 31ra urrats gehien egiten dituen udalerria izango da aurtengo erronkaren irabazlea.
Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien artean, kirol orientabide zerbitzua duten 56 herri daude ligan parte hartzera gonbidatuta. Eta egitasmoaren bidez, herritarrek egunerokoan egiten duten jarduera fisikoa areagotzea da helburua, jarduera fisikoaren balioak eta sozializazioa indartzeko.
Hartu parte!
Erronka maiatzaren 11n hasiko da, eta maiatzaren 31n amaitu. 14 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago, eta izena emateko epea gaur, martxoaren 30ean, zabalduko da.
Parte-hartzea doakoa da: WELLK aplikazioa deskargatu, kontua sortu eta “Mugiment Pausuen erronka” atalean Orioko taldea aukeratu beharko dute erabiltzaileek. Prozesua egiteko zailtasunak dituzten herritarrek, Karela kiroldegiko Abailan orientabide zerbitzura jotzeko aukera dute.
Erronkak hiru asteko iraupena izango du, eta aplikazioaren bidez, hainbat sailkapen ikusi ahal izango dira uneoro, tartean, udalerrien arteko sailkapena eta banakako sailkapena.
Horrez gain, sariak ere banatuko dira, bai pausu gehien egiten dituzten norbanakoentzat, baita taldeka parte hartzen dutenentzat ere. Udalerrien arteko saria eskuratzeko, ordea, gutxieneko parte-hartzaile kopurua bete beharko da: Orioren tamainako udalerrietan, gutxienez 15 lagunek eman beharko dute izena.
Abailan zerbitzua
Mugiment Pausu Errokak bat egiten du Abailan kirol orientabide zerbitzuaren helburuekin, hala nola, herritarren artean ohitura osasungarriak sustatzea eta jarduera fisikoa modu erraz eta eskuragarrian egiteko aukera eskaintzea. Horregatik, herritarrak animatu nahi ditu ekimenarekin bat egitera, bakoitzak bere erritmora, ekarpen txikia egin eta Orio herri aktiboagoa izaten laguntzeko.
