Orioko Udalak herritarrentzako komunitate energetikoa jarriko du martxan, Goienerrekin elkarlanean

Orioko Udalak herrian komunitate energetiko bat martxan jartzeko proiektua abiatu du, Goienerrekin elkarlanean. Helburua Orioko etxebizitzei energia berriztagarria eskuratzeko aukera erraztea da, herrian bertan sortutako eguzki-energiaren bidez. Ekimen honen bidez, Orioko 150 etxebizitza eta merkataritza lokal inguruk jasoko dute eguzki-plaken bidez sortutako energia fotovoltaikoa. Proiektua gertutik ezagutzeko eta zalantzak argitzeko, Udalak bi bilera ireki antolatuko ditu martxoaren 5ean eta 13an.

Testuingurua

Energiaren prezioen gorakadak eta klima-aldaketaren erronkek agerian utzi dute energia-eredua aldatzea ezinbestekoa dela. Testuinguru horretan, Orioko Udalak urrats bat gehiago egin nahi du energiaren erronkari lotuta: energia berriztagarria herrian bertan ekoitzi eta partekatzea, herritarren egunerokoan eragin positiboa izan dezan.

Berezitasunak

Orioko komunitate energetikoak hainbat berezitasun izango ditu:

  • Udal ekimenetik bultzatutako proiektu publikoa da, eta energia berriztagarria herritarrentzat eskuragarri egiteko diseinatuta dago.
  • Herritarrek ez dute hasierako inbertsiorik egin beharko.
  • Funtzionamendua harpidetza bidezkoa izango da, eta kuota baten truke energia-pakete bat eskuratuko dute komunitateko kide diren etxebizitza eta establezimenduek, ohiko elektrizitate-fakturan aurrezpena eragiteko.
  • Proiektuak ikuspegi soziala ere badu, eta lehentasunezko profil batzuk ezarriko dira, hala nola, Pobrezia energetikoari aurre egiteko laguntza jasotzen duten herritarrak; Alde Zaharreko bizilagunak, eguzki-plakak instalatzeko mugak dituztelako eta herrian pobrezia-tasa handiena duen eremua delako; eta merkatariak, energiaren kontsumo jarraitua egiten dutelako egun osoan.

Plaken instalazioa, martxan

Komunitate energetikoaren oinarrian dagoen instalazioa Karela kiroldegiko sabaian egingo da. 100kW-ko instalakuntza izango da, eta hau bideratzeko,  Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso du.

Astelehenean, otsailaren 23an, hasi zituzten eguzki-plaken instalazioari lotutako lanak, eta horixe izango da energia sortzeko azpiegitura nagusia. Instalazioa martxan jarrita, sortutako energia komunitateko kideen artean banatuko da.

Banaketa hori ahalik eta egokiena izan dadin, kontuan hartu behar da instalazioak ez duela energia pilatzeko gaitasunik: sortzen den energia momentuan banatzen da, eta horregatik da garrantzitsua komunitatea osatzerakoan kontsumo-ohiturak aztertzea eta egokitzea.

Parte-hartze prozesua eta aurkezpenak

Ekimenak 150 etxebizitza eta merkataritza establezimenduri eragingo dio lehen urrats honetan; eta aurrerago, zabaltzeko aukera aztertuko litzateke. Lehen deialdi honetan izena emateko epea martxoan zabalduko da, eta horren aurretik, proiektua aurkezteko bi bilera ireki egingo dira:

  • Martxoak 5 (osteguna), 19:00etan
  • Martxoak 13 (ostirala), 15:00etan

Bi kasuetan, saioak euskaraz izango dira, baina gaztelaniaz jarraitzeko aukera izango da.

Komunitate energetikoan izena eman nahi duten herritarrek, gainera, aurrezpenaren estimazio bat jasotzeko aukera izango dute: horretarako, izen-emate prozesuan, azken elektrizitate faktura, NANaren kopia eta datuen babeseko dokumentua sinatuta aurkeztu beharko dituzte, eta informazio horrekin Goienerrek kalkulatuko du bakoitzak elektrizitate-fakturan izan dezakeen aurrezpena.

Paraleloan, Udalak izena ematen dutenen profilak eta kontsumo-ohiturak aztertuko ditu, bazkideen behin betiko zerrenda zehazteko.

Aurrerago, Goinerren eskutik, elektrizitate fakturak egoki irakurtzeko eta ezaugarriak ulertzeko saio irekia ere antolatuko herritarrentzat.