Orioko Udalak merkataritza sustatzeko plana jarriko du martxan

 

Herriko merkataritza sustatzeko asmoz, Orioko Udalak merkataritza-plana jarriko du martxan. Datozen asteetan, herriaren azterketa sakona egingo da, teknologia berriek eta merkataritza-gune handiek tokiko saltoki txikietan izan duten eraginaren neurria zehazteko. Planaren helburua da herriko denden, zerbitzuen eta ostalaritza-establezimenduen egoeraren diagnosia egitea, ekonomia zirkularra bultzatzeko.

Udalak herriko merkatariekin elkarlanean aktibatu du plana, Arkupe elkartearen laguntzarekin, eta azterketa Dendartean-ek egingo du, Gipuzkoako Merkatarien Federazioak.

Azterketa

Erosleei inkestak. Herriko eskaintza eta eskariaren azterketa egiteko, erosleei inkestak egingo dizkiete, Orioko ehun komertzialaren ezaugarriak eta kontsumitzaileen portaerak ezagutzeko.

Elkarrizketak. Dendartean-eko teknikariak herriko merkatariekin bilduko dira eta, jasotako informazioa kontrastatzeko, bilera irekiak egitea aurreikusi dute.

Helburuak

Azterketaren emaitza udazkenerako prest izan nahi du Udalak, eta hortik abiatuta, herriko merkataritza indartzeko neurriak hartzea izango da helburu nagusia.

Horrez gain, asmo hauek ere baditu proiektuak: herriko establezimenduen irisgarritasuna eta kontsumitzaileen fluxuak aztertzea; herrian negozio berriak jartzeko dauden aukerak lantzea, lokal hutsen erabilera sustatzeko; eta belaunaldien arteko transmisioa bermatzeko bide-orri bat garatzea. Izan ere, zenbait merkatari erretiroa hartzeko adinean egongo dira laster, eta negozioek jarraitu ahal izateko bultzada eman nahi du Udalak.