Orioko Udalak San Nikolas jaietako programa aurkeztu du

 

San Nikolas jaiak abenduaren 5etik 8ra ospatuko dira Orion, eta herriko eragileekin batera prestatutako programa aurkezteko agerraldia egin zuten atzo, azaroak 23, kultur etxean. Han izan ziren Anuska Esnal Orioko alkatea, Xabi Ibarguren kultur zinegotzia eta Iker Apaolaza kultur teknikaria, egitaraua osatzeko prozesuan parte hartu duten hainbat eragilerekin batera.

“Bereziki pozik gaude gaur, legealdi honetan lehen aldiz, San Nikolas festak behar bezala ospatzeko aukera izango dugulako”, hitzekin zabaldu du aurkezpena Esnalek. Izan ere, 2019ko festak Herriko Plazatik atera behar izan zituzten, hura obretan zegoelako, eta azken bi urteetan bertan behera geratu behar izan ziren pandemiaren eraginez. 

Horrez gain, festei hasiera emango dien txupina aurten nork botako duen iragarri zuen alkateak: Kristina Atorrasagasti. Odol Emaileen Elkarteko Orioko ordezkaria izan da 50 urtez, eta gaiaren inguruko kontzientzia sustatu du herrian. Aurten erretiratuko da, eta bost hamarkadetan egindako lana goraipatzeko, bera izango da jaietako omendua. Aurten, gainera, herritarrengandik etorri da proposamena, omendua aukeratzeko deialdi ireki bat egin zuen-eta Udalak. “Udalak norbait gogoan hartzea beti da berezia, baina are bereziagoa da herriak aukeratzen zaituenean”, adierazi du Esnalek.

Ibargurenek, bere aldetik, egitaraua osatzeko prozesuan parte hartu duten eragileen lana eskertu eta omendu nahi izan du: “Festa-batzordeak hiru bilera ireki egin ditu azken hilabeteetan, eta horrez gain, bertan parte hartzerik izan ez duten eragile eta norbanakoen proposamenak jasotzen eta biltzen ahalegindu gara. Eskerrik asko guztioi”. Ekarpenak egin dituzten herriko elkarteen artean daude txosna-batzordea, Ospele pilota-elkartea, Kamel Ziani atletismo-taldea, herriko parrokia, Salatxo abesbatza, Harribil dantza-taldea, Pello eta Nikolasa eta buruhandiak dantzan jartzen dituzten norbanakoak, Zaragueta Herri Eskola, Orioko Herri Ikastola, Danbolin Musika Eskola eta Errikotxia bertsozaleen elkartea.

Edalontzi berrerabilgarriak 

Apaolazak azaldu duenez, festa-batzordean hondakinen inguruko kezka azaleratu zuten eragileek, eta egoerari erantzuteko, edalontzi berrerabilgarrien erabilera sustatu nahi dute aurtengo jaietan. Horretarako, edalontzi berriak prestatu dituzte, eta txosna-batzordearen laguntzarekin, festak hasi aurretik banatuko dira. Txupinazoaren aurretik, Herriko Plazan bertan egongo da edalontzia eskuratzeko postua, eta euro baten truke lortuko dira. “Helburua da pertsona bakoitzak edalontzi bakarrarekin egitea sanikolasetako egun guztiak, hau da, edalontzi bat eskuratu eta ondo zaintzea, jaiak bukatu arte”, nabarmendu du. Edalontziak eraztun txiki bat du, gainean eramatea errazagoa izan dadin. “Herritarrak animatu nahi ditugu beren buruari erronka hori jartzera”.

Informazio praktikoa eta Puntu Morea

Horrez gain, herriko espazioen erabileraren inguruko informazioa eskaini du Apaolazak: musika-emanaldiak Herriko Plazan egingo dira, herri-bazkaria pilotalekuan, eta kale animazioa, herrian zehar. Ikastola pareko plazan jarriko dira barrakak, eta abenduaren 2tik 12ra egongo dira, 11:00etatik 24:00etara. 

Puntu Morea, aldiz, turismo-bulegoaren parean jarriko dute, aurreko aldietan bezala. Esnalek azaldu duenez, “Udal honek hasieratik egin du apustua indarkeria matxistarik gabeko herri baten alde, Ahalduntze Eskolaren sorrerarekin abiatu genuen bidea eta pausoz pauso aurrera goaz. Eta festetan ere bide hau jorratzen jarraitu nahi dugu”. Puntu Morea leku seguru gisa diseinatuta dago, eta edozein motatako indarkeria edo jazarpena jasaten duten herritarrek hara joateko aukera izango dute.

Jaien aurrekontua

Aurrekontuari dagokionez, aurtengo San Nikolas festen kostua 57.720,45 eurokoa izango da. Honela banatuko dira partidak: musika taldeentzat %49, azpiegituretarako %15, kirol-jardueretarako %12, kale-animaziorako  %10, kultur jardueretarako %7 eta haurrentzako jardueretarako %7.

 

Programa

Abenduak 5, astelehena

19:00 – Pello eta Nikolasa erraldoiak kalejiran, buruhandiekin eta Danbolin Musika Eskolako txistulariekin

20:00 – Festen hasierako txupinazoa – Herriko Plaza. Omendua: Maria Kristina Atorrasagasti 

20:15 – Txosnaren irekiera eta herri-topa – Herriko Plaza. Ondoren, Incansables txaranga aterako da

23:30 – Gozategi erromeria-taldea – Herriko Plaza

01:30-03:30 – DJ G – Herriko Plaza 

 

Abenduak 6, asteartea

10:00-12:30 – Kamel Ziani krosa. Benjamin, alebin eta infantilentzako krosa – Mendibeltz ondoko parkea

11:00 – Meza, Salatxo abesbatzarekin

12:30 – Dantzari txikien sueltoko txapelketa – Herriko Plaza. Antolatzailea: Harribil dantza-taldea

12:30 – Haurren mailako dardo-txapelketa – Bikamiota 

13:30 – Elektrotxaranga – Herriko Plazatik

14:30 – Babarrun-jan herrikoia – Pilotalekua

16:00 – Haurrentzako tailerrak – Kultur etxearen atzeko plaza. Ekarri kamiseta zuria 

16:00 – Andoni Ollokiegiren musika-emanaldia – Pilotalekua

17:30 – Elektrotxaranga – Pilotalekutik

18:00 – Helduen mailako dardo-txapelketa – Bikamiota 

18:00 – Pello eta Nikolasa erraldoiak kalejiran, buruhandiekin eta Danbolin Musika Eskolako txistulariekin

22:00 – Bertso-saioa – Kiroldegia. Bertsolariak: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal. Gai-jartzailea: Unai Manterola. 

21:00-03:30 – Shanghai Qiutian, Ithaka, Willis Drummond eta DJ Txankletaren kontzertuak – Herriko Plaza 

 

Abenduak 7, asteazkena

10:00-13:00 – Jubilatuentzako hamaiketakoa – Zaharren Babeslekua

11:30-13:30 – Belaunaldien arteko mahai-jolasak – Herriko Plaza. Antolatzailea: Orioko Herri Ikastola. 

15:00-18:00 – Puzgarriak – Pilotalekua

18:00 – Pello eta Nikolasa erraldoiak kalejiran, buruhandiekin eta Danbolin Musika Eskolako txistulariekin

22:30 – 02:30 Erromeria Fan&Go taldearekin – Herriko Plaza

 

Abenduak 8, osteguna

10:00 –14:00 3X3 saskibaloi-festa solidarioa – Kiroldegia. LH3tik DBH2ra arteko gazteentzat. Antolatzailea: Zast taldea eta Orioko Herri Ikastola. 

16:00-18:00 – Haurrentzako herri-kirolak – Herriko Plaza. Antolatzailea: Ubera guraso-elkartea. Ondoren, txokolate beroa banatuko da.

17:00 – Imanol Ibarguren 1. pilota-memorialaren finalak – Pilotalekua

18:00 – Elite mailako esku-pilota jaialdia – Pilotalekua. Salaberria-Albeniz I vs. Odriozola-Alonso eta Arteaga II-Aranalde vs. Orbegozo-Erasun. 

18:00 – Pello eta Nikolasa erraldoiak kalejiran, buruhandiekin eta Danbolin Musika Eskolako txistulariekin

19:30 – Puro Relajo taldearen kontzertua – Herriko Plaza 

 

Erraldoien eta buruhandien ibilbidea: Kultur Etxetik hasita, Eusko Gudarien kalea errontondaraino, Arrantzale kalea ikastolaraino, Abeslari kalea, Eusko Gudarien kalea Herriko Plazaraino eta kultur etxean bukatu.

Barrakak ikastolako eremuan egongo dira, 11:00 – 24:00 ordutegian.