Igande honetan, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da, eta aurten ere, Orioko Udalak bat egingo du mugimendu feministaren deialdiarekin.
Izan ere, azken urteotan, berdintasunaren bidea estutu nahi duten diskurtsoak indartzen ari dira, indarkerien dimentsioa arinduz eta feminismoa zein berdintasun-politikak zalantzan jarriz. Horren aurrean, eskubideak defendatzeko eta aurrerapausoak sendotzeko mobilizazio-eguna izango da igandekoa.
Orioko Udalak eraldaketa feministaren beharra berretsi nahi du, eta eraldaketa hori politika publikoetatik ere egin behar dela azpimarratu: udalerritik, egunerokoan, herritarren bizitzak erdigunean jarriko dituzten erabaki, neurri eta zerbitzuen bidez. Horregatik, berdintasun-politikak sendotzen jarraitzeko konpromiso irmoa du Udalak, indarkeria matxistaren prebentzioan, hezkidetzan, emakumeen ahalduntzean eta zaintza-lanen aitortzan eta eraldaketan eragiten jarraitzeko.
Mugimendu feministak Beste mundu bat feminismotik lelopean egin du mobilizaziorako deia, erronka argi batekin: askotariko indarkerien eta diskriminazioen areagotzearen aurrean, feminismoa eta antiarrazismoa oinarri dituen mundua eraikitzea. Aliantzen bidez, sare sendoak osatzea da helburua, zapalkuntza anitzen bitartez sostengatzen diren gorputz eta borroketatik.
Halaber, Emakundek, Foru Aldundiek eta EUDELek Eman lekua berdintasunari. Jarrai dezagun emakumeen eskubideak esparru guztietara zabaltzen kanpaina egin dute aurten, berdintasuna egunero zaindu, babestu eta zabaldu beharreko espazioa dela gogoraraziz. Diskurtso erreakzionarioen eta desinformazioaren aurrean, berdintasuna defendatzeko eta politika publikoetan genero-ikuspegia indartzeko deia egiten dute.
Horregatik guztiagatik, Orion, martxoaren 8an, mugimendu feministak egindako deiarekin bat egiteko gonbidapena egiten die Udalak herritarrei. 10:30ean hasita, txokolatada egingo da Herriko Plazan, eta 13:00etan manifestazioa abiatuko da bertatik.
Orion, 2026eko martxoaren 6an
