Nerea Oreja nafarrak eta Marcos Vilela argentinarrak osatzen dute Teatro Firulete konpainia, eta Basoa txotxongilo-antzerkia ekarriko dute Oriora ostiral honetan, maiatzaren 10ean. Emanaldia 19:00etan izango da, udaberriko kultur programan iragarri baino ordu erdi geroago, Herriko Plazan.
Obraren sinopsiak honela dio: Uxue kezkatuta dago amona itzaltzen ari delako pixkanaka, eta basora joan nahi du hango izaki magikoei laguntza eskatzera. Amak esandakoari entzungor egingo dio eta basoan sartuko da, eta aurrera egin ahala, izaki bereziak ezagutzen joango da, halako batean Marirekin topo egin arte. Hark erakutsiko dio Uxuek bilatzen dituen erantzunak uste baino sinpleagoak direla eta, agian, amona ez dela sekula itzaliko.
Saioa 5 urtetik aurrerako neska-mutilei zuzenduta dago, eta 45 minutu inguruko iraupena izango du.