‘Oteiza Orion’ hitzaldi ibiltarian izena emateko aukera dago, turismo-bulegoan

 

Ismael Manterolak gidatuta, Oteiza Orion hitzaldi ibiltaria egingo da urriaren 19an, larunbatarekin. 11:00etan hasiko da saioa Herriko Plazan, eta gehienez ere 25 lagunentzako lekua izango da. Izen-ematea turismo-bulegoan egin behar da, gaurtik aurrera. Lehen txanda beteko balitz, bigarren bat antolatuko dute data berean, 12:30ean.

Jorge Oteiza 1908ko urriaren 21ean jaio zen Orion, eta Udaleko Kultura sailaren asmoa da, urtero, egun seinalatu horren bueltan, kultur jarduera bat antolatzea. Eskulturaren, poesiaren, zinemaren, antzerkiaren edo hitzaldien bidez zabaldu nahi da herritarren artean artistak egindako lana.

Aurten, 116. urteurrenean, hitzaldi ibiltaria egingo da. Ismael Manterola EHUko irakasle, komisario eta arte kritikariak egingo ditu gidari lanak, eta haren ezagutza eta ikuspegia interesgarriak izango dira Oteiza eta bere obra hobeto ulertzeko, herrian lauzpabost geldialdi eginda.

Eskola umeen marrazki erakusketa

Oteizaren urteurrenaren harira, gainera, herriko ikastetxeek marrazki erakusketa antolatuko dute hilaren 21ean bertan. Oteizaren Pietatean jarriko dira ikusgai artelanak. Ekimen honen bidez, artistaren lana eta historia haurrei ere helarazi nahi zaie.