Palotan edo Abaromendin kokatuko den frontoi berriaren aurreproiektuak aurkeztu ziren atzo kultur etxean

Orioko Udalak deituta, herritarrentzako saio irekia egin zen atzo kultur etxean, Orioko frontoi berriaren kokaleku posibleen azterketaren emaitzak azaltzeko. Aurkezpenean, XS arkitektura bulegoak egindako lanketaren ondorio nagusiak partekatu ziren, eta herritarren zalantzak argitzeko aukera izan zen.

Testuingurua

Eremuen azterketarekin hasi aurretik, Olatz Santamaria alkateordeak proiektuaren testuingurua azaldu zuen. Gaur egun indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) ez du Palota eremuan eraikitzea baimentzen; aldiz, datozen asteetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren behin betiko onarpena jasoko duen HAPOak horretarako aukera emango du. Beraz, Udalak ordura arte atzeratu behar izan du frontoi berriaren proiektuaren garapena, herritarrek bi kokalekuen artean erabakitzeko aukera izan dezaten. Eta horixe da frontoi zaharra berria eraiki aurretik eraisteko arrazoia.

Tarteko irtenbide gisa, herria frontoirik gabe geratuko den eperako, Zaraguetako pista eta frontoia egokitu dira, Ospele pilota eskolaren jarduera mantentzeko. Zaragueta eskolako frontoia herriko frontoi berri bihurtzeko aukera ere aztertu zen, baina egin beharreko lanen kostua oso handia da, eta proiektua ez da bideragarria.

Bi proiektu, bi izaera

Jarraian, XS arkitektura bulegoko Borja Agirresarobek eman zituen aurreproiektuen inguruko azalpenak. Eremu bakoitzeko ezaugarriek frontoi eredu ezberdin bat garatzeko aukera ematen dutela zehaztu zuen, eta aurreikusitako proposamenak erakutsi zituen.

  • Palota eremuan kokatuz gero, frontoiak plaza- eta kultur-izaera izango du, OKEPE Orioko Kultur Eskaintzaren Plan Estrategikoan jasotako ondorioekin lerrokatuta. Frontoia herrigunetik gertu egongo da, eta pilota ardatz izan arren, espazioaren erabilera anitzakoa izango litzateke: musika, dantza, festa, beste kirol jarduerak…
  • Abaromendi eremuan kokatzen bada, kirol eskaintza osatzea izango da proiektuaren helburu nagusia. Herrigunetik urrunago egongo da, baina gune irisgarria da eta ondo komunikatuta dago. Frontoi berriarekin, herriko kirol ekipamenduak osatuko lirateke: atletismoko pista txikia, frontoi txikiak…

Edozein kasutan, 36 metroko frontoia eraikiko da, eta maila guztietako pilota partidak jokatzeko aukera eskainiko du.

Datozen urratsak

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren behin betiko onarpenarekin batera, herri galdeketa egitea aurreikusi du Udalak, herritarren iritzia jasotzeko. Galdeketa horretan, oriotarrek frontoi berriaren kokalekua erabaki beharko dute, erakutsitako aurreproiektuak ez baitira behin betikoak. Horren ondoren, kokalekua definituta dagoenean, emango zaio forma proiektuari, eta horretarako, herriko eragileekin egingo da lanketa, dituzten beharrak aztertzeko.

Galdeketaren oinarrien berri laster emango du Udalak, eta atzoko saioaren bideoa ere eskuragarri jarriko du online, atzo bertaratzeko aukerarik izan ez zutenentzat.