Herriaren hazkunde jasangarria sustatuko du Udalak, HAPO berriaren bidez

Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriak Eusko Jaurlaritzaren gidalerroek ezarritako gehieneko etxebizitza-kopurua baino askoz gutxiago eraikitzea aurreikusten du, Udalak herriaren hazkunde jasangarria sustatu nahi duelako. Bestalde, Udalak ahalik eta etxebizitza sozial gehien izatea bilatu du Plan Orokorrean.

Hauek dira HAPO berriak jasotzen dituen aldaketa nagusiak:

  • Eraikiko diren etxe-multzo guztietan izaera sozialeko etxebizitzak izatea bultzatu du Udalak. Babestutako etxebizitza horien izaera ez du HAPOak definitzen: aurrerago ikusi beharko da nork sustatzen dituen eta alokairuzkoak edo salerostekoak izango diren.
  • Trama-urbanoan integratuta dauden industria-gune degradatuei bizitegi erabilera emango zaie: Arozena, Arin&Enbil eta Gureak. Horrela, ez dira galduko herriko espazio berdeak eta herrigunea ez da neurririk gabe zabalduko.
  • Errioaren hegoaldean, itsas-zorpeko eremua libratuko da, eta pasealeku berde bat sortuko da Xuai baserriraino (Aitzondo), Oribarzarko bidearekin lotuko dena eta uholdeetan ingurua babestuko duena. Gureak eremuaz gain, Udalak Arin&Enbil lantegiaren eremua ere txertatu du HAPOan.
  • Aurrerantzean, ez da turismo-erabilera berririk baimenduko etxebizitzetan. Udalak bermatu nahi du herriko etxebizitzak herritarrak bizitzeko erabiltzen direla. 
  • Ekipamendu berriak sortzeko aukerak zabalduko dira HAPOarekin: 
    • Sotoak eskuratuko ditu Udalak. 
    • Eraikin berriak egiteko hainbat partzela: Kofradia berria, Dike, Erribera kalearen luzapena, Abaromendi…
    • Etxebizitza-gune berrietan, lokalak eskuratuko ditubehe-solairuan.

HAPO berriak abenduko udalbatzarrean jaso zuen behin-behineko onarpena, eta Udalak aurreikusten du behin betikoa urtebetera-edo emango diola Gipuzkoako Foru Aldundiak. Behin Aldundiaren jasotakoan, herri aurkezpen bat egitea aurreikusten da.

Jarraian dituzue aipatutako informazioa jasotzen duten irudiak. Guk Oriori atariko Herri eredua erronkaren barruan ere ikusgai dago irudien txostena, HAPO gidalerroaren barruan.