Pankartak jartzeko tramitea arindu du Udalak

 

Herrian pankartaren bat jartzeko egin beharreko tramitea arinagoa izango da hemendik aurrera. Orain arte, pankarta jarri nahi zuen eragileak edo norbanakoak eskaera egin behar zion Udalari eta baimena jaso arte itxaron. Kontua da, ordea, askotan, berehala jartzekoak izaten direla pankartak, gertatu den zerbaiti erantzuteko. Hori kontuan hartuta, egin beharreko tramitea arintzea erabaki du Udalak.

Hemendik aurrera, eragile edo norbanakoek zuzenean jarri ahal izango dute pankarta, baimenik eskatu gabe, baina gero jakinarazi egin beharko diote Udalari eskaera-orri hau beteta.

Bi gune, pankartak jartzeko

Herrian bi gune daude pankartak jartzeko: tren-geltokiaren ondoko errotondaren baranda eta zubipeko pasabidearen gaineko baranda. Pankartak bi toki horietan jarri behar dira, baldintza hauek beteta:

  • Pankartak bridekin lotu behar dira.
  • Arriskuak eta eragozpenak saihesteko, pankartak ondo lotuta jarriko dira, haizearekin ez askatzeko moduan.
  • Barandaren pinturari eta egiturari kalterik egin gabe jarriko dira pankartak, erretiratzerakoan dena lehen bezalaxe gera dadin.
  • Pankarta jarri duenaren ardura izango da hura kentzea, behin aldarrikapenaren eguna pasatuta edota 10 egun igaro ondoren. Ingurua txukun utzi beharko du, lehen zegoen bezalaxe.
  • Pankartan ez da mezu iraingarririk onartuko.