Asteburu honetan, urriaren 6tik 8ra, Mutiozabal Festa ospatuko da, Orioko Udalak eta Albaola Itsas Kultur Faktoriak antolatuta. Egitarau oparoaren barruan, Juanita Larando patatxan arraun egiteko aukera ere izango dute herritarrek. Larunbat eta igande goizetan egingo dituzte irteerak, 20-30 minutukoak, eta interesa dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena turismo-bulegoan.
Asteburuan ekarri zuten patatxa, Pasaiatik Oriora. Belaz eta arraunez eragindako ontziak dira patatxak, eta, garai batean, kortsariotzan asko erabiltzen ziren, kostatik gertu. Horregatik, Albaolak egindako patatxari Juanita Larando izena jarri zion, kortsarioekin eta Oriorekin harreman estua izan zuen emakumearena.
Irteerak 11:00etatik 12:30ak arte egingo dira, eta patatxa probatu nahi duten herritar guztiek eman dezakete izena; Albaolako lagunak arduratuko dira nabigazioa gidatzeaz.
Sagardoaren festa
Horrez gain, urriaren 7an, larunbatarekin, sagardo-dastaketa eta pintxoak izango dira Herriko Plazan, 18:00etatik 20:00etara. Satxota, Urdaira eta Petritegi sagardotegiek ekarriko dute edaria, eta euro baten truke, hiru txotxak probatu ahal izango dira. Jo ala jo taldeak, bestalde, egurrezko dolare batekin joko du sagarra plazan bertan, eta patsa trinkatuko dute eskuzko prentsan; hortik ateratako muztioa dastatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.