San Pedro festen gehigarria banatu da gaur etxez etxe

Orioko Udalak aurtengo San Pedro festen gehigarria prestatu du, UKTrekin elkarlanean. Festa-programaz gain, jaien inguruko xehetasun guztiak biltzen ditu gehigarriak, eta gaur, ekainaren 7an, banatu da herriko etxe guztietara.

Ohi bezala, herriko eragileen parte-hartzea eta inplikazioa funtsezkoa izan da festa-batzordearen lanketan. Pasa den urteko abenduan hasi zituzten aurtengo sanpedroak antolatzeko bilerak, eta maiatzera bitarte 4 batzar egin dituzte. Aurtengo helburu nagusia lan praktikoa eta teorikoa uztartzea izan da, eta festak antolatzeko balioen multzoa eta proposamen zehatza landu dira. Gehigarrian jasota daude bi dokumentuak.

Programazioaren barruan, urteroko ekitaldi arrakastatsuak mantenduko dira; esaterako, festen abiapuntua izaten den txupinazoa eta Arrantzale Eguneko desfilea eta dantzaerakustaldia. Txupinazoari dagokionez, eta ekainaren 28ko Harrotasunaren Egunarekin bat eginez, festa koloretsua errepikatuko da aurten Herriko Plazan eta, segidan, Yogurinha Borova drag abeslariak familiei zuzendutako ikuskizuna egingo du Herriko Plazan. Saregile Orioko Emakumeon* Etxearekin elkarlanean osatutako erasoei erantzuteko protokoloak indarrean jarraituko du aurten ere, eta erasorik gabeko gunea jarriko da beste behin Aritzaga kalean, ostiralean eta larunbatean.  

Arrantzale Eguneko ekitaldietan, bestetik, ia 200 lagunek hartuko dute parte, eta dagoeneko saldu dira bazkaritako txartel guztiak.

Herriko eragileek antolatutako ekimen berriak

Baina ohiko ekitaldiez gain, 2024ko programak baditu herriko eragileek antolatutako proposamen ezberdin eta berritzaileak ere:

– Talai Mendik slackline-a jarriko du ekainaren 29an, larunbatarekin, errioaren alde batetik bestera, hau da, udaletxetik Frantses fabrikara funanbulismoa egiteko. Haur eta gaztetxoentzat bigarren slackline bat izango da, laburragoa, jarduera probatzeko aukera izan dezaten, eta bi kasuetan, Neoprenoa eraman beharko da.

– Aldapa elkarteak, bestetik, bizikleta-igoera antolatuko du egun berean, ekainak 29. Herriko Plazatik San Martinera igoko dira txirrindulariak, eta izen-ematea zabalik dago jada. Kasu honetan ere, gazteentzako bigarren ibilbide bat izango da, Pilliku plazara arte. 

– Ekainaren 29ko gauean, gainera, herriko disko-jartzaileen emanaldia izango da Herriko Plazan, 22:00etatik aurrera, Txista Gaua izenburupean. Dozena erdi lagun igoko dira eszenatokira, giroa berotzera.

– Eta gaztetxeak 14. urteurrena ospatuko du ekainaren 30ean, igandearekin. Horretarako, Les testarudes taldearen emanaldia ekarriko du Herriko Plazara.

Gonbidatu bereziak

Aurten, gainera, bi gonbidatu berezi izango dira herrian: Villafranca del Penedeseko (Herrialde Katalanak) Drac eta Aliga figurak. Pello eta Nikolasa eta erraldoiek lagunduta irtengo dira ekainaren 28an eta 29an, Hernaniko dultzaineroak eta Bidebietako gaita-jotzaileak alboan dituztela. Figura bereziak dira Drac eta Aliga, lehena bereziki, ondare izendapena daukalako eta kalejiran zehar sua eta zarata darabilelako. Halere, erabat seguruak izango dira kalejirak, ibilbideak eta ordutegiak egokitu behar izan diren arren.

PROGRAMA

Ekainak 28, ostirala: Harrotasun Eguna

  • 10:30-13:00 Jubilatuen hamaiketakoa, Zaharren Babeslekuak antolatua.
  • 14:30 16 urte azpikoen 3X3 Futbol Txapelketa. Zaragueta Herri Eskolak antolatuta, Mendibeltz futbol-zelaian.
  • 18:30 Pello eta Nikolasa erraldoiak Danbolin musika-eskolako txistulariekin. Gonbidatuak: Vilafranca del Penedeseko Drac eta Aliga pertsonaiak eta Hernaniko dultzaineroak.
  • 19:00 Pala-txapelketaren finala. Frontoian.
  • 20:00 Festen hasierako txupinazoa eta txosnen irekiera. Herriko Plazan.
  • 20:15  Yogurinha Borovaren emanaldia, familientzat. Herriko Plazan.
  • 23:00 Erromeria eta festa: Haizea Arrosa eta DJ Eromena. Herriko Plazan.

Ekainak 29, larunbata: San Pedro Eguna

  • 06:00 Gaupaseroen argazkia, Oa kaleko eskaileretan.
  • 11:00 Talai Mendik 75 urte: Slackline-a udaletxetik Frantses fabrikara. Haur eta gazteentzat bigarren slackline bat jarriko da errio gainean. * Ekarri neoprenoa!
  • 11:30 Bizikleta-igoera plazatik San Martinera, Aldapa elkarteak antolatuta. Gazteak Pillikura arte. Sariak eta zozketak Arkuperen eskutik. * Aurrez izena eman behar da.
  • 12:00 Meza, Salatxo abesbatzarekin. Elizan.
  • 12:30 Bikote gazteen 13. Trikitilari Txapelketa, Herriko Plazan.
  • 17:00 Haur eta gazteen pilota-txapelktaren finalak, frontoian.
  • 17:00 Helduen dardo-txapelketa, Aurrera tabernan.
  • 18:00 Sokadantza, Herriko Plazan.
  • 19:00 Danbolin musika-eskolako bandaren kontzertua, Herriko Plazan.
  • 19:30 Pello eta Nikolasa erraldoien kalejira, Danbolin musika-eskolako trikitilariekin. Gonbidatuak: Vilafranca del Penedeseko Drac eta Aliga pertsonaiak eta Bidebietako gaita-jotzaileak. 
  • 22:00 Txista gaua: Herriko disko-jartzaileen emanaldia, Herriko Plazan.

Ekainak 30, igandea: Arrantzale Eguna

  • 11:00 Dantzari, kantari eta erraldoien kalejira.
  • 11:00 Alebinen arraun-erakustaldia. Errioan.
  • 12:00 Beteranoen estropadak: Jakes Landa memorialaren 10. bandera. Errioan.
  • 12:00 Sardinak eta sagardoa: Herriko Plazan, Pietate azpian eta Aritzagan.
  • 12:30 Haur eta gaztetxoen dardo-txapelketa. Aurrera tabernan.
  • 13:30 Ikuskizuna eta omenaldia arrantzaleei eta saregileei. Herriko Plazan.
  • 15:00 Herri-bazkaria. Herriko Plazan ala frontoian, eguraldiaren arabera.
  • 17:00 Bide batez erromeria, Herriko Plazan.
  • 20:00 Herriko txaranga, kalez kale.
  • 23:00 Etxeluze gaztetxearen 14. urteurrena: Les testarudes taldearen kontzertua, Herriko Plazan.

Uztailak 1, astelehena: San Pedro hirugarrena

  • AFAE eta Orioko Udalaren arteko hitzarmenaren bitartez, barraken prezioa 1 euroan izango da egun osoan.
  • 11:00 Tapiza: Irudimena plazara! DBHko gazteei bideratutako arte-jarduera, Herriko Plazan. * Aurrez izena eman behar da.
  • 11:30 Heriotzarik gabeko arrantza Muskuilu Harrik antolatuta, anbulatorio atzean. Benjaminak, alebinak eta infantilak.
  • 11:30 Pintxo hotzen lehiaketa, Herriko Plazan. Ikastolako DBHko ikasleek antolatuta. * Aurrez izena eman behar da.
  • 14:00 70 urtetik gorako oriotarren bazkaria, Villa Antillan. * Aurrez izena eman behar da.
  • 18:00 Txurrudiskoteka, gaztetxean.