Saregilek udazkeneko programazioa aurkeztu du, emakumeen ahalduntzea, saretzea eta zaintza ardatz hartuta

Irailetik abendura bitartean askotariko jarduerak, prestakuntza-saioak, topaguneak eta aholkularitza eta bidelaguntza zerbitzuak eskainiko ditu Saregile Orioko Emakumeon* Etxeak. Udazkeneko programazioaren bidez, emakumeen arteko topaketa, saretzea eta ahalduntzea sustatzeaz gain, eguneroko bizipen eta beharrei erantzuteko eta aldaketa eta eraldaketa kolektiborako tresnak eskaintzen jarraitu nahi du Saregilek.

 

Ahalduntze Eskola, programazioaren ardatzetako bat

Udazkeneko eskaintzaren ardatzetako bat Ahalduntze Eskola izango da. Emakumeen autonomia, konfiantza eta gaitasunak indartzeko ez ezik, kontzientzia kolektiboa, elkarren arteko saretzea eta gizarte-eraldaketa sustatzeko espazioa da eskola.

Udazkenean hainbat ikastaro eta tailer ere eskainiko dira. Horietako bat Musika ekoizpena izango da, Oihana Rodriguez Ordoñezen eskutik. Parte-hartzaileek musika sortzeko eta ekoizteko lehen urratsak emango dituzte, tresna eta baliabide praktikoak ezagutuz. Sormen-prozesua eta adierazpen artistikoa sustatzearekin batera, musikaren munduan emakumeen autonomia eta konfiantza handitzea izango du helburu.

Harreman afektibo berdinzaleak tailerra, berriz, Pepa Bojó Ballesterrek dinamizatuko du. Harremanak baldintzatzen dituzten eredu eta sinesmenak aztertuko dituzte parte- hartzaileek, besteak beste, maitasun erromantikoaren inguruko ideiak, genero-rolak eta botere-harremanak. Berdintasunean, errespetuan eta askatasunean oinarritutako lotura afektibo osasuntsuagoak eraikitzeko baliabideak eskaintzea izango da saioaren helburua.

Hirugarren proposamena Emakume artisten zikloa izango da, Zorione Mendez Martinen eskutik. Iraganeko zein gaur egungo emakume sortzaileen lanetara hurbilduz, artean eta kulturan emakumeek izan duten eta duten presentzia ezagutzeko aukera eskainiko du zikloak. Arteari begiratzeko moduak eta iruditeria artistikoak ikuspegi feministatik aztertuko dira.

Literatura eta feminismoa uztartzeko, irakurle taldeak ere jarraituko du. Hilean behin elkartuko dira parte-hartzaileak, aurrez irakurritako liburuen inguruan hitz egiteko eta literatura abiapuntu hartuta gai feministen, kezken eta bizipenen inguruan hausnartzeko.

 

Emakumeen Zirkulua, ikasturteko berrikuntzetako bat

Ikasturte honetako berrikuntza nagusietako bat Emakumeen Zirkulua izango da. Herriko emakumeen arteko saretzea eta ahalduntze kolektiboa sustatzeko topagunea izango da, entzute aktiboa, elkarrekiko sostengua eta hausnarketa partekatua oinarri hartuta.

Espazio horrek eguneroko erritmoan geldialdia egiteko, norberari zein inguruko emakumeei arreta jartzeko eta emakumeen arteko sare solidario eta indartsuak ehuntzeko aukera eskainiko du.

Era berean, amatasunen inguruko bizipenak partekatzeko espazio autogestionatuak jarraituko du, parte hartu nahi duten emakume guztientzat irekita.

Horrez gain, hilean behin ekimen ireki bat egingo da, herriko emakume guztiei zuzenduta. Gai sozial eta feministak elkarrekin landu eta hausnartzeko nahiz kultur ekimenez elkarrekin gozatzeko aukera eskainiko dute saio horiek.

 

Solasaldiak, dokumentala eta zaintzaren inguruko ekimenak

Udazkeneko programazioaren barruan bestelako hitzorduak ere izango dira. Azaroan, indarkeria digitalari buruzko solasaldia egingo da. Teknologien eta sare sozialen erabilerarekin lotutako indarkeria matxistaren adierazpenak identifikatzea, horiei buruz hausnartzea eta aurre egiteko tresnak ezagutzea izango dira saioaren ardatzak.

Programazioaren barruan autozaintza eta ongizatearekin lotutako proposamenak ere izango dira. Urriaren 22an, esaterako, elikadura makrobiotikoari buruzko tailerra egingo da, energia, oreka eta autozaintza lantzeko eta eguneroko bizitzan ongizatea sustatzeko tresnak eskaintzeko.

Abenduaren 17an, berriz, Ecos de la Terra dokumentala proiektatuko da eta, ondoren, solasaldia egingo da. Dokumentalak ingurumenaren aurkako indarkeria eta haren aurrean sortutako erresistentziak lantzen ditu, ikuspegi ekofeminista eta dekolonialetik.

Programazioarekin lotuta, irailaren 19an Orio Herri Zaintzailerako Akordioa eta Zaintzen Mapa aurkeztuko dira Herriko Plazan. Ekimenak zaintzak komunitatearen erdigunean kokatzeko eta herrian zaintza-eredu bidezkoago eta kolektiboago baten alde aurrera egiteko konpromisoa jasotzen du.

 

Aholkularitza eta bidelaguntza zerbitzuak

Jarduera-programaz gain, emakumeen eguneroko beharrei erantzuteko aholkularitza eta bidelaguntza zerbitzuak eskaintzen jarraituko du Saregilek.

Besteak beste, aholkularitza juridikoa, bidelaguntza psikologikoa, indarkeria matxistaren aurreko arreta eta bideraketa eta sexu-aholkularitza eskaintzen dira. Zerbitzuen helburua da emakumeei hainbat egoeraren aurrean informazioa, orientazioa eta laguntza eskaintzea.

Hitzordua posta elektronikoz eska daiteke, saregile@orio.eus helbidean; telefonoz edo WhatsApp bidez, 623 178 553 zenbakian; edota Instagram bidez, @saregileetxea kontuan.

 

Izen-ematea, irailaren 14tik 25era

Ahalduntze Eskolako ikastaroetan izena emateko epea irailaren 14tik 25era izango da. Izen- ematea online egin daiteke, labur.eus/saregileizenematea helbidean. Ikastaroen ordainketa eskudirutan egingo da.

Behar duten emakumeek haur-zaintza zerbitzua eskatzeko aukera izango dute izen-ematea egiterakoan.

Honakoa da Saregileren ordutegia:

  • Astelehenetik ostegunera: 09:30etik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara
  • Ostiraletan: 09:30etik 13:00etara.