Sexualitateari buruzko tailerra izango da gazteentzat, apirilaren 26an

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria departamentuko TREBA Gazteak programaren bidez, Sexkuntza: Nolakoa da nire sexualitatea? hitzaldia izango da Orion apirilaren 26an, ostiralarekin. 16 eta 30 urte arteko gazteei zuzendutako saio dinamikoa izango da, 17:00etatik 20:00etara. Saioan parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena, hemen.

TREBA Gazteak gazteekin elkarlanean diseinatutako prestakuntza-programa da, eta haientzat interesgarriak eta beharrezkoak diren pilula laburrak eskaintzen ditu, gai hauen inguruan: sexualitatea, osasun mentala, suizidioa, ludopatia, ekologia, adimen emozionala, sormena eta etxeko ekonomia.

Orioren kasuan, iazko azaroan egin zen lehen saioa, osasun mentalari buruzkoa, eta bigarren honetan Eider Goiburu oriotarra izango da gidaria.

Izen-ematea

Saioan parte hartzeko izen-ematea zabalik da lotura honen bidez. Hitzaldia antolatzeko, ezinbestekoa izango da gutxienez 10 lagunek izena ematea; horregatik, Udalak dei egiten du ekimenaren berri zabaltzeko, interesa eduki dezaketen herritarren artean.

Edozein zalantza argitzeko, jo Orioko Udaleko Gazteria zerbitzura, Julen Idarreta Cardona teknikariarengana.