Uztailean hasi zituen Udalak herriko skate-parkea berritzeko lanak. Lehen fasea espero baino azkarrago burutu zen, abuztuaren bukaeran, eta aste honetan hasi dituzte bowla eraikitzeko lanak. Aurreikuspenen arabera, urriaren erdian bukatuko dute instalazio osoa.
Lehen fasean, skate-park zaharraren zati bat berritu da, eta horrez gain, eremu berri bat sortu, street edo kaleko modalitatean aritzen direnentzat. Bigarren fase honetan, aldiz, bowl bat eraikiko dute, katilu itxurako skate-pista bat. 1,25 metroko sakonera izango du, eta lurraren mailatik pixka bat altxatuko da, instalazioaren drainatze egokia bermatzeko. Irudian ikus daiteke skate-parkearen behin betiko planoa.
Berritze-lanen helburua izan da erabiltzaile guztiei zuzendutako gune bat sortzea, kirol-modalitate honetan aspalditik dabiltzan herritarrei eta lehen urratsak egin nahi dituzten gazteei baliagarria izango zaiena.