Zabalik da kirol-taldeentzako 2023ko dirulaguntza-deialdia

Herriko kirol-elkarteei zuzenduta, urteko dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu du Udalak. Martxoaren 28a izango da eskaerak aurkezteko azken eguna.

Dirulaguntza hauen azken helburua Orioko herrian ariketa fisikoarekin eta kirolarekin zerikusia duten irabazi asmorik gabeko jarduerak bideratzen laguntzea eta sustatzea da. Herriko irabazi asmorik gabeko kirol-elkarteei zuzentzen zaie deialdia, eta 2023an edota 2022-2023 denboraldian beren egiturak garatzeko eta jarduera eta egitasmoak finantzatzeko eskatu dezakete laguntza.

Eskaerak, zuriketak eta bestelako komunikazioak elektronikoki egingo beharko dira Udalaren webgunetik, erregistro elektronikoa erabiliz.

Deialdia eta bete behar diren dokumentuen ereduak orrialde honetan daude, interesatuek kontsultatzeko eta deskargatzeko.