Iñake Irastorza oriotarra, Ana Elordi eta Ramon Agirre protagonista dituen 100m2 antzezlana ikusteko aukera izango da Orioko kultur etxean maiatzaren 8an, ostiralarekin. Emanaldia 22:30ean hasiko da eta sarrerak 5 euro balio du.
Kultur etxeko aretoaren aforoa mugatua denez, 120 txartel jarriko dira salgai eta, beraz, antzezlana ikusi nahi dutenek hobe dute garaiz ibili eta sarrerak aldez aurretik hartzea. Dagoeneko eros daitezke, kultur etxera joanda.
Antzezlan samurra
Antzezlanak dagoeneko bidea egin du Euskal Herriko antzokietan: iazko abuztuan estreinatu zen eta harrera ona izan du. Begoña Bilbao da zuzendaria eta Juan Carlos Rubio, gidoiaren egilea. Txalo produkzioak enpresa da antzezlana prestatu duena.
Antzezlanaren funtsa bi emakumeren arteko harremana da. Sarak etxea erosi nahi du, “maila oneko” auzo batean. Etxe-saltzaileak pisu egoki-egokia eskaintzen dio (prezio ona, zabala, argitasun handikoa, mendi aldera bistak…). Baina baldintza bat jartzen dio: etxean bizi nahi du geratzen zaizkion urte (ustez) apurretan.
Bi emakume, elkarrengandik oso desberdinak; baina, aldi berean, bakardadeari lotuak… Elkarren artean harreman bitxia sortuko da; emozioak, algarak, samurtasuna eta konplizitatea izango dituzte lagun, elkarren arteko bizitzan.