303 haur eta gaztetxo ibili dira Txurrumuskik antolatutako udako ekintzetan

txurrumuski

Udako lanak amaituta, balorazioa egin du Txurrumuski Elkarteak. Uda partean 303 haur eta gaztetxo izan dituzte 26 begiraleren ardurapean. 2-12 urte bitarteko oriotarrei aisialdi aukera eskaintzen die Txurrumuski elkarteak eta zerbitzuak gero eta erantzun zabalagoa jasotzen du: parte hartzaile kopurua inoizko handiena izan da azken bi urteetan.

Uda txokoa

Uda txokoak 2-3 urte bitarteko haurrak hartzen ditu eta berrogei oriotarrek eman dute izena. Iaz kudeatu zuen lehen aldiz Txurrumuskik zerbitzu hau. Bigarren urtean hamar haur gehiago izan dituzte.

Udaleko irekiak

Halere, Udaleku Irekiek biltzen dute nabarmen haur kopuru handiena.3-9 urte bitarteko 215 ume izan dira Txurrumuskiko begiraleen zaintzapean. Errekalde eta Urbilgo jolas parkeetan izan dira, baina gehienetan herrian bertan pasa dute goiza. Klasiko bihurtu dira zenbait jarduera: urarekin jolasteko eguna, korrika eta San Fermin eguna esaterako. Uztaileko goizetan klasikoa bihurtu da herriko kaleetan umeak eskutik helduta ikustea, kamiseta gorridun begiraleak ondoan dituztela.

26 begirale aritu dira lanean eta, iaz bezala, aurten Txurrumuskik kontratua egin die guztiei. Horretarako, Orioko Udalak laguntza handitu du azken bi urte hauetan. 18.000 euro inguruko laguntza eman zaio Txurrumuski elkarteari.

Gazte abenturak

Amaitzeko, Gazte Abenturak egin dituzte abuztuan. 9-12 urte bitarteko 48 gaztetxok parte hartu dute. Iazko kopurutan ibili dira, beraz. Bi egun ez beste guztietan kanpora joan dira. Gehienetan, egun pasa: Santa Klara uhartean, Bertiz parke naturalean, Hernaniko igerilekuetan, Eureka zientzia museoan… Larraulen hiru eguneko egonaldiarekin eman diote amaiera Gazte Abenturari.