Egunotan abiatu da Urola Kostako Udal Elkarteak antolatzen duen «45 + Indartzen» egitasmoa eta zabalik dago izena emateko epea, azaroaren 12ra arte
Aurtengoa egitasmoaren bigarren edizioa da. Urola Kostako Udal Elkarteko Enplegu eta Orientazio Zerbitzuak antolatzen du, KONPETENTZIEN ESKOLA zerbitzuaren barruan. Iaz egin zen egitasmoaren lehen edizioa (ikusi parte-hartzaileak, argazkian) eta, emaitza onak izan zituela ikusita, berriro antolatu dute 2020ko azken hiruhilekoari begira.
Lan-munduan txertatzeko laguntza
Eskualdeko 45 urtetik gorako pertsonei prestakuntza eskaintzen die «45 + Indartzen» egitasmoak, lan-mundura sartzeko edo itzultzeko.
Adin horretako gehienek oso zail ikusten dute lan-mundura itzultzea edo egokitzea; batetik, duten adinarengatik; bestetik, egungo lan mundu aldakorraren eskakizun eta eginkizunetara egokitzeko ezinbestekoa delako birziklatzea. Are gehiago, COVID-19ak sortutako krisiaren testuinguruan.
Egitasmoaren xehetasunak
40 orduko prestakuntza-prozesua eskaintzen du «45 + Indartzen» egitasmoak, 4 orduko 10 saiotan banatua. Ikastaroak bi aste iraungo du: azaroaren 23tik abenduaren 4ra. Saio guztiak goizez izango dira; 09:30etik 13:30era, Udal Elkartearen egoitzan nahiz telematikoki.
Taldekako prestakuntzaz gain, partaide guztiek bakarkako hiru saio jasotzeko aukera izango dute.
Azaroaren 13an egingo da ikastaroaren hasiera-ekitaldia (9:30-11:00). Egun horretan, programaren xehetasun guztiak azaltzeaz gain, partaide bakoitzarekin adostuko da bakarkako saioen egutegia.
Informazio-saioa
Informazio-saio bat egingo da, aldez aurretik, interesa duten herritarrentzat, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko:
- Eguna eta ordua: azaroak 6, ostirala, 10:00etan
- Non: online izango da; Gotomeeting plataformaren bidez.
Informazio saioan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da galdetegi hau beteta. Ondoren, saiora sartzeko esteka jasoko du interesdunak bere posta elektronikoan.
Dagoeneko zabalik dago izen-ematea (azaroaren 12ra arte). Izena emateko orria eskura dago Udal Elkartearen egoitza elektronikoan. Edozein kasutan, tramitazioa elektronikoa egin ezin dutenek, egoitza elektronikoan dokumentua deskargatu, bete eta Udal Elkarteko egoitzara bertaratu beharko dute.
Informazio gehiago
- Urola kostako Udal Elkartea, Garapen Agentzia
Enplegu eta Lan-orientazio Zerbitzua (Vanessa Garcia, Olaia Sainz) - Tel. 943890808
- lanpoltsa@urolakosta.eus