Joan den irailaren 24an itxi zen euskaltegiko matrikulazio-epea eta arrakasta handia izan du Orioko Udalak eta AEK-k elkarlanean egin duten eskaintzak. Guztira, 60tik gora lagunek eman dute izena hainbat maila eta modalitatetan. Aurtengoa izan da euskaltegiak inoiz izan duen matrikulazio-kopururik handiena.
Hiru talde eta autoikaskuntza
Taldeak dagoeneko osatuta daude. Aurrez aurreko hiru talde izango dira: goizetan, lehenengo urratseko 11 ikasle izango dira eta arratsaldetan, berriz, euskaraz pixka bat badakitenek (13-bat pertsona) ikasten jarraitzeko aukera izango dute. Azkenik, azken hiru urteetan bezala, alfabetatzeko asmoa duen 7 laguneko taldetxoa osatu da.
Horrez gain, aurtengo eskaintzaren nobedade nagusia autoikaskuntzaren aukera zen; eta eskaintza berri horrek ere oso harrera ona izan du: 30 lagun arituko dira euskara ikasten sisteman horren bidez. Lanak etxean egingo dituzte eta, astean behin, tutorearekin juntatuko dira, etxean egindako ariketak zuzentzeko eta zalantzak argitzeko. Gainera, astean behin baita ere, mintzapraktika egiteko aukera izango dute.
Taldeen aurkezpena
Aurrez aurreko taldeen aurkezpena ostegun honetan egingo da, urriaren 1ean.
Goizean 10:30ean elkartuko dira ikasleak; eta arratsaldean, berriz, 19:00etan euskalduntzen ari direnak eta 18:30ean alfabetatu nahi dutenak.
Autoikaskuntzako ikasleak, bestalde, datorren astean hasiko dira.
Matrikulazioa itxita autoikaskuntzarako
Autoikaskuntzan aritzeko plaza librerik ez da geratzen dagoeneko. Itxaron-zerrenda bat ireki du AEK-k eta, plaza hutsak sortu ahala matrikulatu ahal izango dira ikasleak.
Euskalduntze + mailako arratsaldeko taldean ere leku gutxi geratzen da. Beraz, interesa dutenek hobe dute azkar ibili.
Udalak eta AEK-ko ordezkari Mertxe Mugika koordinatzaileak irailaren 28an sinatu dute zerbitzua emateko kontratua eta bi aldeak pozik agertu dira euskaltegiaren zerbitzuari herritarrek egin dioten harrera beroagatik.
Ondoren, Kosta tailerrean kokatuta dauden instalazioak bisitatu dituzte AEK-ko ordezkariek, euskara batzordeko buruak eta euskara teknikariak.