Arratsaldeko 18:00etan zabalduko dute Euskaltegia, herritarrek ikusteko, eta, ondoren, AEK-ko irakasleek eskuorriak banatuko dituzte herrian, Euskaltegiaren eskaintzaren berri emateko.
Dagoeneko martxan dago Euskaltegiaren matrikulazioa eta jendea hasita dago izena ematen. Nolanahi ere, AEK-k egoki ikusi du ahalegin berezia egitea herritarren artean bere eskaintza ezagutzera emateko eta jendea izena ematera animatzeko. Horregatik aterako dira kalera Orion eta eskualdeko beste herrietan.
‘Zu Urola Kostan zaude eta AEK ere bai’ kanpaina
AEK-k eskualde osoan dauzka euskaltegiak eta bere jarduna ezagutarazteko kanpaina egin nahi du ekimen honen bidez. Ostiralean, esanda bezala, Orion izango dira AEK-ko irakasleak; eta larunbatean, berriz, Zumaian. Zumaiako ate irekietako eguna, hala ere, datorren asteartea izango da, irailak 18, honako orduetan: 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Zarautzen, azkenik, igande goizean irekiko dituzte Euskaltegiaren ateak, 11:00etan, eta, ondoren, herriko kaleetan barrena ibiliko dira informazioa banatzen.
Eskaintza zabala
AEK-ko euskaltegiek ikastaro-eskaintza zabala daukate, euskara ikasteko eta maila ofizialak prestatzeko (A1, A2, B1, B2, C1 eta C2): aurrez aurreko klaseak, online, autoikaskuntza… Orioko euskaltegian ematen diren ikastaroen prezioa 100 eurokoa da ikaslearentzat, Udalak zati handi bat ordaintzen duelako.
Matrikulazio-epea zabalik dago irailaren 20a arte.