‘Aita, ama… kontu bat dut zuei esateko…’ egitasmoa aurkeztu dute Udalak eta bi ikastetxeek

 

 

Gurasoen hizkuntza-ohituretan eragiteko egitasmoa abiatu dute Udalak eta bi ikastetxeek.

EGITASMOAREN FASEAK

‘Aita, ama… kontu bat dut zuei esateko…’ du izena egitasmoak eta hainbat fasetan garatuko da:

1.– Egitasmoaren lehen urratsa galdetegi bat prestatu eta pasatzea izan da. Galdetegi hori LH4, LH5 eta LH6ko haurrek eta gurasoek bete dute eta, horren bidez, gurasoen etxeko eta kaleko hizkuntza ohiturei buruzko datuak jaso dituzte Udalak eta ikastetxeek

2.– Bigarrena, berriz, galdetegiak eman duenaren berri zabaltzea eta gaia sozializatzea da. Orain hasiko da fase hori: iritzi artikuluak, bloga, triptiko bat, gurasoei zuzendutako jakinarazpena…

3.– Hurrengo pausoa, berriz, Urtxintxa aisialdi elkartearekin batera emango du Udaleko Euskara batzordeak. Urtxintxak haur eta gurasoentzako jolas parte-hartzaileak egingo ditu herriko bi parketan (ikastola aurrekoan eta Kosta tailerraren ondokoan), maiatzeko asteartetan eta asteazkenetan. Jolas horien bidez lortu nahi dena hau da: haurrak eta helduak euskaraz elkarrekin jolasten jartzea, helduen artean euskarazko hartu-emana sustatzea eta hizkuntzaren erabilerarekiko kezka bistaratzea eta gurasoei horretaz pentsaraztea. Jarduerak daukan erantzunaren arabera erabakiko da urrian jarraipena eman ala ez.

4.– Egitasmoaren ikur gisa, kartelak jarriko dira parkeetan, jendearen bistan, honako mezuarekin: ‘Haurrak euskaraz ari dira… eta zu?’

5.– Behin uda pasata, euskararen erabileraren gaia bi ikastetxeetara eramateko saiakera egingo dute Euskara batzordeak eta ikastetxeek. Horretarako, gurasoekin urtearen hasieran mailaz maila egiten diren bilera orokorrak baliatuko dituzte, horietan galdetegiaren datuen berri emanez eta egitasmoaren mezua zabalduz.

6.– Datorren ikasturtean egitasmoak segida izango du, Udalak eta ikastetxeek elkarren artean erabakiko duten programa eta egutegiaren arabera.

GURASOEN HIZKUNTZA OHITUREI BURUZKO GALDETEGIA

Ezertan hasi aurretik, Udaleko Euskara Zerbitzuak galdetegi bat prestatu du, herriko bi ikastetxeen laguntzarekin, egoera zein den jakiteko.

Galdetegia LH4, LH5 eta LH6ko ikasleek eta beren gurasoek bete dute 2014ko apirilean. Guztira, 16 galderez osatutako galdetegia izan da, guztiak etxeko eta lagun arteko hizkuntza ohiturei buruzkoak.

GALDETEGIAREN EMAITZAK. ONDORIOAK

– Gurasoen euskara-ezagutzari buruzko datuak bat datoz, oro har, erroldako azken datuek erakusten dutenarekin.

Hizkuntzaren transmisioa nahiko ondo bideratuta dago familietan: euskaraz dakiten gurasoek, ia erabat, euskaraz egiten diete seme-alabei. Familia mistoetan ere (guraso bat euskalduna, bestea ez), euskaraz dakien gurasoak euskaraz egiten die haurrei ia beti. Hori datu positiboa da.

– Kontuan hartuta familia mistoen portzentajea handi samarra dela (%36,25), deigarria da anai-arreben arteko euskararen erabilera %88koa izatea. Familia misto gehienetan euskaraz egiten dute anai-arrebek beren artean, eta familia guztiz erdaldun batzuetan ere bai. Hori ere oso datu positiboa da.

Bi gurasoen arteko erabilera aztertzerakoan ikusten da gehiago direla beren artean gaztelaniaz hitz egiten dutenak (%55) euskaraz egiten dutenak baino (%40). Kontuan hartuta familien %64an bi gurasoak euskaldunak direla, horrek esan nahi du asko direla, biek euskaraz jakin arren, beren artean gaztelaniaz egiten duten gurasoak.

– Berdintsu gertatzen da gurasoei galdetzen zaienean beste gurasoekin zein hizkuntza erabiltzen duten. Euskaraz aritzen direla diotenen portzentajea %53-57 ingurukoa da, nahiz eta, ikusi dugun bezala, ezagutza askoz handiagoa izan (%74-78). Horrek berriro erakusten du euskaldun dezentek ohitura duela lagunartean gaztelaniaz jarduteko.

– Nabarmentzekoa da euskararen erabilera-indizerik baxuena esparru intimoenean gertatzen dela: kalean baino baxuagoa da etxean.

– Ondorio nagusia honako hau da: euskararen erabilerari dagokionez, Orion haurrak eredu dira helduontzat. Asko dugu ikasteko gure haurren hizkuntza jokaeratik.