Anuska Esnal Oliden alkateak oharra kaleratu du, herritarrei ardura eskatzeko aurtengo Kontxako estropadak direla eta. Oharrak honela dio:
Kontxako estropada oso berezia da oriotarrontzat eta izugarri maite dugu iraileko lehen bi igandeetan horren inguruan sortzen den giroa. Donostiako arraun-festa bezalakorik ez dago kirol hau barrutik bizi dugunontzat eta oriotar asko eta asko eguna iritsi zain egoten dira, ilusioz ospatzeko.
Ilusio eta festa-gogo hori ederra da eta ez dugu galdu behar, baina, alkate gisa dudan arduragatik, gogoraraztea tokatzen zait aurten ez gaudela egoera normalean eta beste modu batera ospatu behar dugula datozen bi igandeotako jaia, osasun-agintariek ematen dizkiguten arauak betez eta elkar zainduz.
Hori dela eta, herriko arraunzaleei hau eskatzen dizuet:
- Ez joan Donostiara Kontxako estropadetara. Antolatzaileek estropada publikorik gabe egitea erabaki dute, osasun-arrazoiengatik, eta hori errespetatzea eskatzen dizuet. Etorriko dira garaiak berriro kaleko festa egiteko eta gure arraunlariak bertatik bertara animatzeko, baina aurten inportanteagoa da jende-pilaketak saihestea. Aurten estropadak telebistan ikustea tokatzen da.
- Zaindu segurtasun-neurriak taberna eta soziedadeetan. Zuetako askok herriko taberna eta soziedadeetara joko duzue, Kontxako estropadak ikustera. Zuhurrena estropadak etxean ikustea da, bertakoekin; baina, taberna edo soziedadera jotzen baduzue, kontuan izan zorrotz bete behar dituzuela ezarritako segurtasun-neurriak: maskara jantzi, distantziak zaindu, jende asko dagoen tokiak saihestu… Arduraz jokatu, alegia.
Laburtuta, beraz, hau da herritarrei eman nahi dizuedan mezua: goza ezazue arraun-festa eder honetaz, merezi duen bezala, baina ahaztu gabe egoerak zentzuz eta arduraz jokatzea eskatzen digula denoi.
Aupa Orio eta gora arrauna!