Anuska Esnal alkateak oharra kaleratu du, herritarrei ardura eta lasaitasuna eskatzeko. Honela dio oharrak:
COVID-19 pandemiaren egoerari buruz Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur argitaratu dituen Orioko datuak ez dira onak eta aztoramendua sortu dute herritarren artean.
Herritarrei adierazi nahi diet egoera gertutik jarraitzen ari garela Udalean eta etengabe gaudela Osasun Saileko teknikariekin harremanetan, edozein gorabeheraren aurrean dagozkion neurriak hartzeko.
Guk, gure aldetik, lanean jarraituko dugu, ezarritako neurri eta segurtasun-protokolo guztiak betez, orain arte egin dugun bezalaxe. Hori da dagokiguna.
Egoera hobetu dadin, arduraz jokatu behar dugu denok eta, lerro hauen bitartez, dei egin nahi dizuet berriro ere oriotar guztiei zorrotz betetzeko osasun-agintariek emandako aholku eta aginduak. Guztiok jarri behar dugu gure partetik guztiongan eragina duen pandemia-egoera honi aurre egiteko. Lortuko dugula zalantzarik ez dut, baina bitartean arduraz eta lasaitasunez jokatzea dagokigu.
Zaindu zuen burua eta, batez ere, zaindu elkar!